Zamakola auzoak gorputz-ariketa egiteko eremu bio-osasungarri berri bat du. Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu Zamakola kaleko 20. zenbakiaren inguruan egiten ari ziren lanak. Bertan bizitasuna behar duten ariketak egiteko gunea eraiki egin da.

Hala, beraz, 8 ekipamendu ezarri dira, mota batekoak eta bestekoak, baliagarri dagoen eremua kirol-baliorik handienaz hornitzeko. Hona zeintzuk diren elementuak:

  • Bolante-gurpila: soinburuak, ukondoak eta eskuturrak lantzeko jarrera natural batean, giltzadurak behartu barik.
  • Eliptikoa: gerritik gorako gorputz-adarrak eta koordinazioa hobetzeko. Aukera ematen du zango, beso eta gorputz-enborraren mugikortasuna, indarra eta iraunkortasuna handitzeko.
  • Ibiltzeko makina edo hockey abiadako aparatua: mokorreko giltzadura hobetzeko, zangoen malgutasuna eta indarra hobetzeko eta bihotz-biriketako ahalmena hobetzeko. Adin guztietarako gomendatua, umeentzat izan ezik.
  • Esku-gurpila edo bolante laukoitzak: soinburuak, ukondoak eta eskuturrak lantzeko, giltzadurak behartu barik eta beso biak erabiliz aldi berean, koordinazioaren onerako.
  • Bizikleta: gomendatua ariketa kardiobaskularra egiteko, alegia bizikleta bateko mugimendua eginez, baina inpakturik gabe. Zangoetako giharrak indartzen ditu eta mokorraren, belaunen eta orkatilen artikulazio-hedadura gehitzen da.
  • Pottoka edo arrauna: alegia arraunean, gerritik gorako eta beherako gorputz-adarretako giharrak indartzen dira eta koordinazioa hobetzen, eta erritmo kardiobaskularrari laguntzen zaio.
  • Mokorra bihurrarazteko gailua: gomendatua mokorraren eta bizkar-hezurraren malgutasuna gehitzeko, baina laguntzen du sabelaldea indartzen eta bihotz-biriken eginkizunak hobetzen.
  • Pedal-aulkia: beheko giltzaduretako malgutasuna eta mugikortasuna hobetzeko, bihotz-biriken ahalmena gehituz aldi berean.

Eremu bio-osasungarri berri honen kokalekua ezponda bihurtutako gune bat denez gero, eusteko horma bat eta harlauza bat eraiki dira, biak hormigoizkoak eta goratasun aldakorrekoak, ezpondaren goratasunari egokituz doazenak haren hedadura osoan.

Obra osatzeko, zoladura jarraitu bat ezarri da, labaintzea eragozteko eta segurtasunerako gai bat emanez, toxikoa ez dena eta bai ordea ekologikoa, birziklatua eta birziklagarria denez gero, lesio arriskuak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Lanak 5 astean gauzatu dira, eta 53.780 euro ezarri behar izan ditu Udalak.

AUZOKIDE PLANA

Zamakola/Urazurrutia inguruko hirigintza hobetzeko izan da jardun hau, Ibaiondo-5. barrutiko Auzokide Planean(uriko auzoak hobetzeko plana) lehenetsia izan zelako.

Eremu bio-osasungarri horrez gain, Udalak hainbat jardun gauzatu ditu 2021ean zehar inguru horretan, hala nola:

  • Mutiloiak ipini ditu Zamakola kaleko 26. zenbakian, autoak ez aparkatzeko autobus-geltokian;
  • Oinezkoen pasabideetako zoladura hobetu du, irisgarritasun irizpideen arabera, Santiago Aznarren, Urazurrutian eta Zamakola kaleko 2. zenbakian (hor, gainera, irtengune batzuk egin zitzaizkien espaloiei, eta motorrak aparkatzeko eremu berriak ezarri).

Lau obra horietan, 53.375 euro ezarri zituen Udalak. Bilboko Udalak, datozen hilabeteetan, jarduna osatuko du Zamakola/Urazurrutian, Santiago Aznar kaleko argiztapena hobetuz; 6.863,48 euroko aurrekontua du horretarako.

Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako duen tresnarik garrantzitsuenetako bat, eta aurrekontu bat du, Bilboko 8 barrutietako bakoitzerako 1,5 milio eurokoa, urteko eta barrutiko.