20 ikaslek eta 3 irakaslek osatutako UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako MotoStudent taldeak, lehen postua lortu du gasolina motoarekin balaztatze proban, asteburuan MotorLand Aragon zirkuituan egindako MotoStudent Nazioarteko Lehiaketan. 800 parte-hartzailek baino gehiagok kirol mundua, arlo akademikoa eta industria batu dituzte egunotan Alcañizeko zirkuituan (Teruel). 16 herrialdetako eta 4 kontinentetako 83 taldek hartu dute parte.

Lehiaketak bi kategoria izan ditu: parte hartu duten prototipoek 250 zentimetro kubikoko eta 4 denborako barne-errekuntzako motorra muntatuta eraman duten Motostudent Petrol, eta duela gutxi sortu den eta sistema %100 elektriko batek bultzatzen dituen prototipoz osatuta dagoen MotoStudent Electric kategoria. Moto elektrikoaren modalitatean lehen aldiz parte hartzen zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolak hamazazpigarren postuan amaitu du, moto elektrikoan parte hartu duten 50 lagunen artean, eta horietatik hogeik baino ez dute amaitzea lortu. Balaztatze probetan, prototipo elektrikoak bosgarren postua lortu du, eta horrek agerian uzten du taldeak proba dinamikoetan egin duen lan ona.

Gasolinazko motoak bukaerarako hiru itzuli falta zirenean utzi behar izan zuen proba, erregai faltagatik. Kontuan izan behar da Eskolako ikasleek motorra aldatu behar izan zutela karrera hastetik 45 minutura, antolakuntzak hasieran emandakoan izandako akats baten ondorioz. Horrek kaltea eragin zien kalifikazioan eta azelerazio-probetan eta Gymkhanan. Hala ere, balaztatze proba irabazteaz gain, meritu handiko 4. postua lortu zuen erregulartasunean.

Bi urterik behin, TechnoPark MotorLandek eta Moto Engineering Foundation Fundazioak antolatzen duten lehiaketa horrek mundu osoko zenbait ingeniaritza unibertsitate bildu ditu. Ikastetxeetako ikasleak, elementu komunetatik abiatuta motozikleta bat diseinatzeko, fabrikatzeko eta lasterketan probatzeko lehiatu dira.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea, ikasleak irakasleen laguntzarekin, motoaren ehuneko handiena diseinatzen eta fabrikatzen dutenen artean dago. Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuak garatzen du proiektua, Motor Termikoen Departamentuaren laguntzarekin batez ere, Elektronikako Departamentuak emandako laguntza ahaztu barik. Aurten Ingeniaritza Elektrikoko Departamentuak ere lagundu du moto elektrikoaren proiektuan.

Lantaldeek egindako lana etengabe ebaluatu du industria-sektoreko hainbat arlotako espezialistek osatutako batzorde eta epaimahai batek. Fase horretan sartzen dira, besteak beste, prototipoen ikuskapen teknikoak, segurtasun-proba estatikoak eta maniobragarritasunari, balaztatzeari edo azelerazioari dagozkien pistako saiakuntza dinamikoak. Epaimahaiaren ebaluazioaz gain, taldeek euren prototipoen prestazioak eta gaitasunak erakutsi behar izan dituzte gainerako lehiakideen aurrean, zenbait proba dinamiko eta karreratan.