Mercabilbaok iazko zifrak mantendu egin ditu, salmentei dagokienez, urte honetako lehenengo sei hilabeteetan. Urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean, 135.502,3 tona saldu dira bertan, iazko epe berdinean baino % 0,05 gutxiago eta 2019an baino % 2,37 gehiago.

Sektoreka, nabarmentzekoa da frutaren eta barazkien merkaturatzearen hazkundea; izan ere, 2020ko lehen seihilekoaren eta 2021aren artean salmentak % 0,17 baino jaitsi ez diren arren (aurten 124.020,6 tona merkaturatu dira), 2019arekiko igoera % 3,2koa izan da. Datu horiek berretsi egiten dute, beste behin ere, “bertako produktuen kontsumoak izan duen bilakaera, gertuko fruta-denden salmentak gora egin duelako; izan ere, aurreko urteko konfinamenduaren hasieran, pertsonek gehiago kontsumitzen zuten euren etxeetan. Ohitura hori geratzeko etorri da, herritarrek euren 'auzoko' saltokiek eskaintzen dituzten produktu fresko eta osasungarriak begi onez ikusten dituztelako, Mercabilbaoko handizkako enpresen kalitate-zigiluarekin”, Elikadura Unitatetik adierazi dutenez.

Arrainaren eta itsaskiaren kasuan, 2021eko urtarriletik ekainera, itsasoko produktuen merkaturatzea 11.481,6 tonakoa izan da, 2020ko epe berean baino % 1,3 handiagoa eta 2019an baino % 7,4 txikiagoa. 2020ko eta 2021eko aldi batzuetan ostalaritza itxita egon izana da 2019ko, covid-19aren pandemiaren aurreko urteko, ondorengo datuak azaltzeko funtsezko arrazoia. Mercabilbaotik adierazten den bezala, “itsasoko produktuen salmentak behera egin du azken urtean, baina, 2020ko eta 2021eko datuak ikusita, bilakaera goranzkoa da berriro, batez ere Mercabilbaon erosten duen ostalaritza-sektorea ia osorik ireki delako (jatetxeak eta catering-zerbitzuak, batez ere) eta herritarrek konfiantzazko arrandegietara joaten jarraitzeko apustu irmoa egin dutelako".

GEHIEN KONTSUMITZEN DIREN PRODUKTUAK ETA HAIEN JATORRIA

Frutari dagokionez, kontsumitzaileek ohitura berberak dituzte, eta ez da ezer aldatu aurreko urteekin alderatuta: banana, laranja eta sagarra dira oraindik protagonistak. Barazkien kasuan, tomatea, letxuga eta azalorea nabarmentzen dira. Fruta eta barazki guztietatik, gehienak estatu-jatorrikoak dira (% 86 inguru), eta gainerakoak inportatuak.

Arrainari dagokionez, antxoa, legatza, txitxarroa, oilarra eta hegaluzea dira produktu nagusiak, eta itsaskiari dagokionez, muskuilua, barraskiloa eta txirla. Bizkaiko Golkoko portuek arrain freskoaren hornitzaile nagusiak izaten jarraitzen dute, Galiziaren aurretik; Galiziako portuak dira, berriz, itsaski gehiena hornitzen dutenak.

UDA, FRUTA HEZURDUN ETA FRESKAGARRIAREN GARAIA

Uda sasoian, fruta da gehien eskatzen den produktuetako bat, eta gure auzoetako fruta-dendak “hezurdun fruta” delakoaz eta udan ohikoak diren beste batzuez betetzen dira. Mercabilbaon, produktu arrakastatsuenak mertxika, nektarina, paraguaioa, meloia, sandia eta udako udareak dira.

Arrainaren kasuan, sasoi betean, hegaluzea nabarmentzen da, bere zapore eta kalitatearengatik, arrain hori baita, zalantza barik, arrandegietako protagonista.