Otxarkoaga auzoko eraikinak zaharberritzeko Orain Otxar izeneko programa jarriko du martxan Bilboko Udalak. Gaur goizean, ekainak 29, proiektuaren gaineko azken bilera ospatu da Otxar Opengelan.

Orain Otxar izeneko ekimen horren helburua da Otxarkoagan jardutea, sozialki jasangarria den eko-auzo bihurtzeko, elkartegintzako sarearen inplikazio zuzenarekin. Horrelako aurreneko esperientzia da gure urian; eta erakundeen arteko elkarlanaren eta, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Bilboko Udal Etxebizitzak-ek batera hirigintza arloko biziberritzearen alde egin izanaren emaitza dugu esperientzia.

Proiektuaren jarduketa garrantzitsuena bost eraikin birgaitzea da, efizientzia energetikoaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera. Guztira, gainerako jabeei proposatzen ari zaien esku-hartzeak auzoko 240 etxebizitzari eragiten die, 16 ataritan eta hiru kaletan daudenak (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe). Lan hori 2017ra arte egin den lanari gehituko zaio; harako hartan 228 etxebizitza hartzen dituzten Bilboko lau eraikinetan egin ziren hobekuntza-lanak.

Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Udal Etxebizitzen presidente Jon Bilbaok adierazi duenez, "proiektua birgaitzeko planean dauden bost eraikin-blokeetatik bi errendimendu osoz garatzen ari dira, F merkataritza-zentroaren eraikinaren birmoldaketa amaitu da, laster jarduera soziokulturalak hartzeko, eta autokontsumo energetiko partekatuaren mankomunitatea diseinatzen ari gara; horri esker, eguzki-plaketatik sortzen den soberakin energetikoa baliatu ahal izango dute auzotarrek".

OTXAR OPENGELA PROIEKTU EUROPARRA

Jarduera honek, era berean, Europako irismena duen beste proiektu bat hartzen du. Opengela du izena, eta auzo-bulegoak martxan jartzean datza, auzotarrei laguntzeko eraikinak birgaitzeko prozesu osoan. Esperientzia pilotu gisa, Otxar Opengela sortu da, jabeen erkidegoei laguntzeko obrak kontratatzen, laguntza publikoak kudeatzen, finantzaketa eskuratzen, eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzen.

Opengela proiektuak Europako Batzordearen Horizon 2020 programaren finantzaketa du, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak koordinatzen du, eta eremu publiko eta pribatuko 9 erakundek lan egiten dute bertan, horien artean Bilboko Udal Etxebizitzak-ek. Auzoko bulegoen eredua EAEko beste udalerri batzuetara zabaltzen hasi da; esaterako, Eibarren badago horrelako bat.

Otxar Opengela bost blokeetako hirutan bizi direnekin bilerak egiteko baliatzen dugu, birgaitze-lanak egiteko beharrezkoak diren jarduketak koordinatzeko. Zehazki, Txotena 18-24, Larrakoetxe 1 eta Txotena 12-16 kaleetako blokeak dira. Lehenengo bietan, obrak egiten ari dira gaur egun, eta Txotena 12-16ri dagokiona, berriz, lizitazio-fasean dago.

Eraikin horietako bizilagunei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko, Opengela Otxar bulegoan diharduten pertsonak harremanetan egon dira auzokoekin, eta inplikatutako bost blokeetatik lautan lanak garatzeko xehetasunetan aurrera egin dute. Zehazki, aurten, auzoko bulegoan zazpi bilera egin dira auzotarren artean, hartu beharreko erabakiei buruzko aholkuak emateko.

Otxar Opengelako aholkulariek banakako kudeaketak ere egiten dituzte, banaka, jabeekin, barrualdeetako akaberak egiteko eta zalantzak eta erreklamazioak ebazteko. Birgaitze-lanen nondik norakoari buruzko telefono-kontsultei ere erantzuten diete. Haren eginkizunak dira, gainera, finantzaketari buruzko orientazioa ematea eta banakako laguntza publikoak izapidetzea.

Bulegoak, gainera, hiri-berroneratzeari buruzko ikerketa-gune bat du, non eragile publiko eta pribatuak inplikatzen ari diren. Erabilera anitzeko gela horietan hiri-berroneratzeari buruzko hainbat ikastaro eta tailer eman dira dagoeneko, baita enplegagarritasunari buruzkoak ere. Zehazki, bi ikastaro eta hiru tailer eman dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko auzoko bulegoen koordinazio-bilerak ere, eta Opengela Otxar bulegoa aukeratu dute saio horiek egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek Opengelak leheneratze-prozesu osoan duen funtzioari balioa eman dio. "Leihatila bakarra da, bizilagunei laguntza orokorra eta jarraibideak emateko eta alderdi teknikoetan zein administratiboetan laguntzeko", adierazi du. Otxarkoagako proiektuaren anbizioa ere azpimarratu nahi izan du, "ez baita espazio publikoak eta etxebizitzak berritzera mugatzen, auzoa erabat biziberritzea proposatzen baitu, alderdi ekonomikoak, enplegua eta kohesio soziala ere kontuan hartzen hartuta".

F MERKATARIZA-ZENTROA

Bestalde, Orain Otxar proiektuaren beste pieza bat, Otxarkoagako hiri-birgaitzea eta gizarte eta ekonomia berroneratzeko helburu dituena, F merkataritza-zentroa jarduera soziokulturalak eta komertzialak batera egiteko gune bihurtzea da. Lanak 2021eko urtarrilean amaitu ziren.

Gaur egungo bi eraikinak konektatuta eta birgaituta egongo dira, eta plaza publiko estali bat izango du bien artean; eguzki-plakak jarriko dira plazaren estalkian, energia hornitzeko. Prozesu publiko baten ondoren, Pagoa Elkarteari esleitu zaio espazioa. Elkarte horrek Euskadiko hirugarren sektoreko hainbat erakunde lider biltzen ditu, kaleko proiektu soziokulturaletan, eta espazio horretan izango du egoitza eta horrez gain auzoko jardueren agenda garatuko du.

Eko-auzo jasangarriaren kontzeptua aurreikusitako autohornikuntza energetikoaren planaren muinean dago. F merkataritza-zentroak, Otxar Opengelak eta birgaitutako bost eraikin-blokeetako batek eguzki-panelak izango dituzte; eguzki-panel horiek lehenengo eraikinaren autokontsumorako adina energia sortuko dute eta soberakina auzoko bizilagunentzat izango da, partekatutako autokontsumorako mankomunitateak sortuz.

Era berean, Orain Otxar proiektuak bi azterlan egitea aurreikusten du. Lehenengoak forma hartu du jada. Etxebizitzetako bizigarritasuna hobetzeko aukerak aztertzean datza, oso azalera txikia (50 m2 inguru) dute-eta. Horren ondorioz, terraza estali, erdi estali edo estali gabeko espazio gehigarri bat sortu da birgaitzeko aurreikusitako bost blokeetako eraikinetako etxebizitza jakin batzuetan. Irtenbide hori aho batez onartu da birgaitu beharreko blokeetako batean; exekuzio proiektua ¬arkitektura-etxe bati esleituta dago- eta obren lizitazioa bakarrik falta dira.

Bigarren azterlanaren helburua da auzoko espazio fisikoan egin daitezkeen hobekuntzak ikertzea.

PV ADAPT EUROPAR PROIEKTUA

Opengelaz gain (2019an hasi zen eta datorren urtean amaituko da), Orain Otxar proiektuak bat egin du Europako beste proiektu batekin, hiri-berroneratzearen eta eraikinen birgaitzearen esparruan, energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasun unibertsaleko irizpideen arabera.

PV Adapt deitzen da eta eraikinetan integratutako eguzki energia fotovoltaikoaren sistema berri bat aplikatu nahi du. Belaunaldi berriko eguzki-panel fotovoltaikoak diseinatu eta probatzean datza. Opengela Otxar Bulegoan, F merkataritza-zentroan eta birgaitu beharreko eraikinetako batean instalatuko dira. Panelak, elektrizitatea sortzeaz gain, isolatzaileak dira eta fatxaden eta estalkien akabera egiten dute.

INBERTSIOEN XEHAKAPENA

Orain Otxar proiektuaren barruan 7.000.000 euro baino gehiagoko inbertsioa aurreikusten du 2018-2022 aldirako. 2021eko ekainaren 28ra arte 2.169.693,85 euroko inbertsioak egin dira.

F Saltoki-gunearen birgaitzeko lanetan, Otxar Opengelan eta bizigarritasun-azterlanean batez ere. Eusko Jaurlaritzaren inbertsioaren zatirik handiena jabeen erkidegoei egoitza-eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko erabiliko da, 3 milioitik gora (3.015.000 euro). Bestalde, proposatutako eraikinetako jabetza-kuotaren arabera, Udal Etxebizitzen ekarpena 1.757.000 milioikoa izango da.

F Merkataritza Zentroa birgaitzeko, 810.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, jarduera soziokultural eta komertzialetarako gune gisa.

Auzoko Bulego Teknikorako eta hiria berroneratzeko ikerketa-eremurako (Otxar Opengela) eraikina egokitzeko, 1.413.000 euroko partida bat dago bideratuta, hitzarmena indarrean dagoen urteetan funtziona dezan, eta auzoko pertsonen prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzeko hainbat neurri eta plan aplikatzeko. Azken partida azterlanei eta ikerketei dagokie eta 150.000 euro aurreikusi dira.