Datorren igandean, ekainaren 27an, Bilboko Udal Txistulari Banda Zumaiara joango da Zumaiako Udal Bandarekin batera ekaineko azken kontzertua eskaintzeko.

Emanaldian musika herrikoia izango da protagonista, dantzarako eta kontzerturako prestatu diren hainbat obren nahasketa interesgarria eskainiko dute. Raimundo Sarriegi, Félix Sistiaga, Txomin Mujika, Jesús Garijo, Domingo Egileor, Eduardo Gorosarri eta Xabier Zabalaren musikak eskainiko dituzte, bederatzi abesti guztira.

Ikuskizuna 13:00etan hasiko da, Zumaiena Aretoan. Bilboko Udal Txistulari Bandari dagokionez, Garikoitz Mendizabal ibiliko da zuzendari lanetan, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Gorka Zabaleta eta Asier Garcia lagun dituelarik. Zumaiako musika Bandari dagokionez, Jose M. Azkue izango du zuzendari. Emanaldian Zumaiako musika eskolako dultzaineroak ere parte hartuko dute, Aser Martin eta Jesus Mari Martinek alegia.

Sarrera doakoa izango da eta kontzertuko gonbidapenak Zumaiako Turismo Bulegoan jaso beharko dira. Honelako ekitaldietan gomendatzen diren osasun-neurri guztiak hartuko dira kontuan. Jendeari segurtasun-neurri guztiak gordetzea, eserita egotea eta maskara erabiltzea eskatuko zaio.

Hau izango da Bilboko Udal Txistulari bandak hainbat musika bandekin eskainiko duen lehen kontzertua. Datorren denboraldian Barakaldoko eta Zornotzako musika taldeekin arituko da txistu boskotea.

Gainera, Txistulari bandak zortzi musika hitzordu antolatu ditu abuzturako, bertako doinuekin Bilboko hainbat gune alaitzeko.

Hitzordu guztiak 12:00etan hasiko dira, asteazkenetan izan ezik, 18:00etatik aurrera egingo baitute, eta hurrengoak izango dira kokalekuak: abuztuaren 10ean, asteartea, Indautxu Plazan; abuztuaren 12an, osteguna, Diputazio kalean; abuztuaren 13an, ostirala, Plaza Barrian; abuztuaren 17an, asteartea, Ertzilla kalean; abuztuaren 19an, osteguna, Unamuno Plazan; eta abuztuaren 20an, ostirala, Plaza Barrian. Abuztuaren 11 eta 18ko bi hitzorduak Areatzan izango dira 18:00etatik aurrera.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

ZUMAIAKO UDAL MUSIKA BANDA (ZUMB)

XIX. mendearen bukaerarako Zumaian musika Banda izan bazela adierazten duten dokumentuak badira, musika Bandak herrian daukan tradizio luzearen erakusgarri. Musika bandek tradizionalki izan duten papera ederki bete du Zumaiako udal musika Bandak bere historian zehar.

2000.urtetik aurrera, berriz, ZUMBek musika banda gisa daukan funtzio soziala garai berrietara egokitzen dihardu. Bi oinarrirekin: musika zabaltzea eta musikaren hezkuntza egokitzea. Egitasmo berriaren emaitzen artean aipa litezke: Klarinete Maratoia (2009an VIII edizioa), Kontzertu didaktikoak, ZUMB Metal Egitasmoa, CDen grabaketa ("Gora Zumaia"/"Aro berriak lagun artean") edo Miquel Rodrigoren zuzendaritzapean sortutako Makro Banda XXII. Zumaiako Nazioarteko Musika Jaialdiaren barruan. Gabonetako Elkartasun Kontzertuak ere aipatu behar dira. Munduan zehar lankidetza proiektuak bideratzen ari diren zumaiarren lanaren berri ematen da bertan.