Gaur goizean, ekainak 22, World Cities Summit munduko goi-bileraren zazpigarren edizioa ospatu egin da. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, telematikoki egin da 'Hiri bizigarriak eta jasangarriak: etendako mundu batera egokitzea' izenburua daraman bilera. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ekitaldian hartu du parte.

Etorkizunari konfiantzaz aurre egitea izeneko saioan hartu du parte Bilboko alkateak. Saio horretan, aukera izan du Bilborentzat klima-aldaketak eta arlo horretan teknologiaren erabilerak dakartzan erronkak eta aukerak partekatzeko.

Ildo horretatik, eta Bilbao Smart City estrategiaren esparruan, alkateak nabarmendu ditu Zorrotzaurren energia-trantsizioaren, birsorkuntzaren eta hiri-erresilientziaren arloan Europaren finantzaketarekin egiten ari diren proiektuak, eta azpimarratu du Bilbok hiri-eredu “berde, digital eta inklusiboan lan egiten duela, eta helburu handi hori erakundeek, enpresa-sareak, unibertsitateek eta teknologia-parkeek osatzen duten ekosistemak gidatu behar duela”, “ezin dugu galdu daukagun ehun aberats eta askotarikoaren ahalmenetik ezer”, gaineratu du.

Juan Mari Aburtok pertsona hauekin izan da saioan: D.J. Pandian, Azpiegituretako Inbertsiorako Asiako Bankuko lehendakariordea; Ridwan Kamil, Mendebaldeko Javako probintziako gobernadorea; Fahd Bin Abdulmohsen Bin Saleh Al-Rasheed, Riad hiriko Errege Batzordeko zuzendari nagusia; Huang Yan, Riad hiriko Errege Batzordeko zuzendaria; eta Huang Yan, Txinako Etxebizitza eta Hiriko eta Landa Garapeneko ministrordea. Chan Heng Chee irakaslea, Hiri Berritzaileetarako LKY Zentroko lehendakaria, izan da saioaren moderatzailea.

WORLD CITIES SUMMIT

Bilbo hasieratik izan da gailurrean, eta 2010ean Lee Kuan Yew World City Prize saria jaso duen lehen hiria izan da. Saria jaso duten gainerako hiriak dira New York, Suzhou, Medellín eta Seoul. Aurtengo edizioan 2020ko saria emango da, pandemia dela-eta ezin izan baita iaz entregatu.