Koronabirusaren pandemiak covid iraunkorra eragin dien herritarrei laguntza emozionala eskainiko die Bilboko Udalak. Osasun eta Kontsumo sailak LongCovid Euskal Herria elkartearekin batera abian jarritako ekimen honen barruan hainbat saio egingo dira. Saio horiek arratsaldeko 16:00etan hasi eta 17:30ean amaituko dira.

Horrela, sei ostegunez jarraian, psikologiako profesionalek laguntza eta ezagutza osoa emango diete covid iraunkorra duten Euskal Herriko LongCovid Elkarteko hamabost kideri.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi delegatu Yolanda Diezek adierazi duenez, "funtsezkoa da gaizki pasatzen ari diren pertsona guztiei laguntza emozionala ematea; horregatik, sailetik, gure asmoa covid sintomak dituzten bilbotar guztiei laguntza ematea da".

Era berean, Yolanda Diezek eskerrak eman dizkie LongCovid Euskal Herria elkarteari eta laguntza eskaintzen duten profesional guztiei: "Benetako plazera da zuek bezalako profesionalak izatea, horregatik, eskerrak ematea gustatuko litzaidake saio hauekin coviden ondorioak pairatzen dituzten herritarrei laguntzeagatik".

Saio hauek gaixotasunak esfera kognitiboan, emozionalean eta jokabide-esferan sortutako ondoez psikologikoa taldean lantzeko balioko dute eta horrez gain, nork bere burua zaintzeko jarraibideak eskainiko dituzte, eraginpeko pertsonek eguneroko errutinan txerta ditzaten.

COVID IRAUNKORRAREN ARAZOA IKUSARAZI ETA KALTETUEI LAGUNTZEA

Pandemiaren ondorioek eragindako kolektiboen artean, covid iraunkorrak eragindako pertsonena dago. OMEren arabera, covid-19 jasan dutenen % 10ek afekzio organiko handiko sintomak dituzte, diagnostikatu eta hamabi hilabetera: batez beste, astenia, ondoez orokorra, zefalea, gogo-aldarte baxua, giharretako mina, disnea, artikulazioetako mina eta kontzentrazio-falta bezalako sintomak dituzten emakume ertainak nagusiki.

Paziente mota horien ehuneko handi batek gogo-aldarte baxua, etsipen-sentsazioa, antsietate-maila handiak, lo hartzeko zailtasunak, larritasun-, ziurgabetasun-, tristura- eta ezintasun-sentimenduak ditu.