BILBO. Bilboko Udalak uriko 8 eta 18 urte bitarteko bizilagunen iritzia bilatuko du, euren egoera diagnostikatzeko eta haien bizimodua hobetzeko ekimenak abiarazi ahal izateko. Inkesta betetzeko epea maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik.

Era berean, analisi honetan, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluak ere parte hartuko du, eta baita ere udalerrian erreferente diren entitateek ere, eztabaida-taldeen bidez.

Galdetegi horren bidez, jakingo da nola bizi diren Bilbon gazteenak, arlo hauetan: ingurunea (garbitasuna, zaratak, segurtasuna, zirkulazioa, argiteria eta garraio publikoa), kultura, aisialdia eta denbora librea (haurrentzako eta nerabeentzako espazioak eta jarduera programatuak, kiroldegiak eta kirol praktika, plazak eta parkeak, Haurguneak, Kideguneak edo Gazteguneak, liburutegiak, zinemak eta antzerkiak), aisialdia (gogobetetzea beren eskola ingurunearen aldetik, eskola komunitatean eta eskolatik kanpoko bizimoduan parte hartzea), familia (gogobetetzea familia ingurunearen aldetik eta familia bizimoduko parte hartzearen aldetik), umeen parte hartzea eta eskubideak (umeen eskubideak ezagutzen dituzten edo ez eta eragiten dieten erabakietan parte hartzea udal mailan), osasuna (COVID-19a dela-eta nola dauden emozioen, gorputzaren, psikologiaren eta arduraren aldetik) eta umezaro zaurgarria (txirotasuna, etxebizitza, kultur dibertsitatea, dibertsitate sexuzkoa eta berdintasuna).

MIKRO KONTAKIZUNEN LITERATURA-JARDUERA

Udal-politiketan umeen eta nerabeen parte hartzea sustatzeko eta diagnostikoa egiteko informazioa biltzeko lehia horretan, Udalak, halaber, mikro-kontakizunen literatura-jarduera bat jarri du abian.

Literaturaren inguruko ekimen hau umeentzat eta nerabeentzat da, 8 eta 16 urte bitartekoentzat, eta datorren maiatzaren 31ra arte iraungo du; hala, gazteenek, gehienez ere 200 berba izango dituzten testuekin, honako galdera hauetakoren bati erantzun behar diote, guztiak ere Bizkaiko hiriburuaren inguruko galderak direla: Zer da Bilbo niretzat?, Zer hobetu nahi dut Bilbon?, Zer aldatu nahiko nuke Bilbon? edo, Zer ez zait gustatzen Bilbon? Parte hartzen dutenen artean, lau sari banatuko dira.

Datu horiek bilduta, Udalak udalerriko umezaroaren eta nerabezaroaren errealitatean funtsezkoak diren alderdiak ezagutu ahal izango ditu, eta jakin ere bai zentzuk diren alderdi sendoak eta aukerak eta zeintzuk ardurak, eta, hala, Bilboko Umezaroaren eta Nerabezaroaren II. Plana garatu ahal izango du, umeen eta nerabeen neurrira. Alde horretatik, bada, Udalak hau adierazi du: “Entzun nahi diegu umeei. Haien iritzia nahi dugu uria eraikitzeko eta gobernatzeko, eta haien begirada sartu nahi dugu Udalaren erabakietan.”

HAUR ETA NERABEEN I. UDAL PLANA

Prozesu horren ondotik, zeina diagnostikoarekin hasi eta Umeen eta Nerabeen I. Udal Plana ebaluatuz eta II. Plana eginez amaituko baita, Udalak uste du ezen, 2022ko bigarren seihilekoan, UNICEFek berriro ere emango diola Bilbori “Umeen Adiskidearen” zigilua, zeinaren bidez ezagutza agertzen eta balioa ematen baitzaio herrietan eta hirietan umeen eta nerabeen alde egiten den lanari.

Umeen eta Nerabeen I. Udal Planean, zeinak “Etorkizunari begira" (2018-2021) baitu izena, Udalak plangintza bat aurkeztu zuen, urian atzemandako errealitatearen araberakoa, 10 lerro estrategiko zeharkako eta 26 helburu zeuzkana, 18 urte baino gutxiagoko pertsonentzako 193 udal ekintzekin gauzatzekoak. “Plan honekin, Bilboko umeentzat eta nerabeentzat gauzatzen den udal jardueraren kudeaketa eta koordinazioa hobetu nahi ditugu", adierazi zuen alkateak 2018ko ekainean aurkeztu zenean. Udalak badu barne-egitura bat lanerako, sare moduan antolatua eta koordinatua, uriko pertsonarik gazteenen eskubideak betetzea bermatu nahi duena eta haiek uriko bizimoduan parte hartzera bultzatu nahi dituena.