BILBO. Urian kirol-jarduerak sustatzeko inbertsio handia egingo du Bilboko Udalak. Guztira, 506.100 euroko aurrekontua bideratuko du Bilboko kirol-entitateei, klubei edota kirolariei bideratutako dirulaguntzak eskaintzeko. Eskaria egiteko epea maiatzaren 15etik ekainaren 3ra arte egongo da zabalik.

Dirulaguntza hauetarako inprimakiak Bilbao Kirolak erakundearen webgunean (www.bilbaokirolak.eus) jaitsi daitezke. Eskabideak izapidetzeko, mezu elektroniko bat igorri behar da registro@kirolak.bilbao.eus helbidera.

Aurreko urteetan egin den moduan, kiroletako dirulaguntza horiek sei programatan banatuko dira:

  • Lehenengo programa: kiroletarako da, oro har, baina batez ere gutxiengoen kiroletarako, futbolerako (7ko, 9ko eta 11ko futbola, kanpoko zelaietan), joan etorrietarako eta aurten, berrikuntza gisa, goi-mailako banakako kirolariek ere jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak lehen programa honen esparruan. Atal honeterako 127.791 euro daude, eta kirol-erakundeen gizarte- eta federazio-funtzioa eta joan-etorriak egiteko dirulaguntza da. Diru-laguntza horiek ematean, egungo osasun-egoera dela eta, erakunde edo klub bakoitzak garatzen duen COVID-19aren aurreko prebentzio-protokoloak baloratuko dira.
  • Bigarren programa: Bilbon gauzatzekoak diren kirol-programak, guztiek parte hartzeko moduko kirola sustatzearren eta kirola egin dadin era osasungarri, jostagarri, integratzaile eta jarraituan. Programa diruz laguntzeko 16.000 euro erabiliko dira.
  • Hirugarren programa: helburua da kirola eta uria sustatzen duten kirol-ekitaldi puntualak egiteko dirulaguntzak ematea. Edizio honetako deialdian, pertsonak kirol-arloan heztea helburu duten eta jardunaldi bat baino gehiago irauten duten prestakuntza-ekitaldiak ere lagunduko dira diruz. Zenbatekoa: 9.909 euro.
  • Laugarren programa: emakumeen kirola sustatzea eta emakumeek kirolaren arlo guztietan parte har dezaten bultzatzea, berrikuntza gisa, goi-mailako banakako kirolariak ere sartzen dira programa honetan, eta, orobat, ikusgarritasuna ematea neskatoek eta emakumeek egiten duten kirolari. Horretarako 87.300 euro bideratuko dira.
  • Bosgarren programa: kirol egokitua bultzatzea eta kirola desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko tresna gisa sustatzea. Bilboko Udalak 23.100 euro izendatuko ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonek eratutako talde edo klubetarako eta dibertsitate funtzionaleko banakako kirolarientzat, edo osoki dibertsitate funtzionala duten pertsonen gorputz-jarduera indartzeko diren kirol-programak garatzen dituzten pertsonentzat edo gizartearen sektore horretarako kirol ekitaldiak garatzen dituzten pertsonentzat.
  • Seigarren programa: azken programa klubekiko hitzarmenen eta dirulaguntza izendunen arloan kokatzen da, eta 242.000 euro izendatu dira horretarako. Atal honetan sartzen dira Bilboko Udalak hainbat talderekin egiten dituen hitzarmenak, hala nola Bidaideak BSR Bilbao, Santutxu Atletismoa, San Inazio Beisbola, Deustu Arraunketa, Bizkaiko Eskuopilota Federakuntza, Metropolitano Irristaketa Kluba, Unibertsitateko Rugby Club eta Herri Kirolen Bizkaiko Federazioa.

Aurten, Bilbao Kirolakek diru-laguntzen kudeaketa hobetu egingo du: laguntza ekonomiko horiei buruzko ebazpena emango du 3 hilabeteko epean, eta ez 6 hilabeteko epean, ohi bezala.

KIROLAREN ESTRATEGIA BILBON

Bilbao Kirolak-en dirulaguntzen programa bat dator duela gutxi Bilboko Udalak aurkeztu duen 2024ra arteko Bilboko Kirolaren Estrategiarekin; horren barruan lau jarduera-ildo estrategiko, 11 helburu zehatz eta 61 ekintza daude, konpromiso hauek lortzeko:

  • Ohitura osasungarriak zabaltzea biztanle guztien artean, eta, ahal bada, modu dibertigarrian.
  • Kirol-ekipamenduak, instalazioak eta programak osatzea eta hobetzea, biztanleriaren sektore guztiak eta barruti guztiak kontuan hartuta.
  • Ingurumenaren arloko jasangarritasun-ereduak kontuan hartuz lan egitea.
  • Kirol-eskaintza balioetan oinarritutakoa izatea: unibertsala eta inklusiboa, berdintasunezkoa, berritzailea eta jasangarria.