BILBO. Bilboko Udalak Estatu Islamiarraren jazarpenetik bizirik aterata Duhok-eko iheslari eremuan dauden emakume kurdu yazidiei laguntzeko kontzertu berezi bat antolatu du. 'Dignity Road, Duintasunaren bidea' izeneko ekitaldia datorren asteko ostegunean garatuko da Bilborocken, maiatzak 20, arratsaldeko 19:30an.

Gani Mirzo Band eta Ibrahim Keivo taldeek emango dute kontzertua, eta xede hirukoitza du, Lankidetza eta Bizikidetza Sailaren lerro estrategikoekin bat etorriz: Irakeko Kurdistanek pairatzen duen krisia nabarmentzea, funtsak bideratzea Estatu Islamiarraren gatibutzatik askatutako emakume kurduen arreta psikologikorako eta bilbotar herritarrak ohartaraztea Hegoaldean bizi duten egoera honetaz.

Alde batetik, Irakeko Kurdistanen ekitea baitezpadakoa da, bizi duen krisia dela eta. Sirian gatazka lehertu zenetik 2011n, Siria barruan ihes egin eta beren jatorrizko lekuak utzi behar izan dituzten 16 milioi pertsonetatik 2 milioi eskualde horretara iritsi dira, hau da, bizilagunen % 28. Beste alde batetik, emakumeen boteretzea da Udalaren Lankidetza eta Bizikidetza Sailaren udal proiektuak gidatzen dituzten zeharkako lerroetako bat, eta, preseski kontzertua izango da laguntza bideratzeko, Gani Mirzo Fundazioaren bidez, Estatu Islamiarraren peko gatibutzatik askatutako emakume kurdu yazidiei, arreta psikologikoa behar baitute, bizi izan duten egoera traumatikoaren aurrean.

Era berean, kontzertuaren xedea da bilbotar herritarrak ohartaraztea Hegoaldean sortu den arazo horretaz. Arazo globalen aurrean kontzientzia kritikoa sortzeko sentsibilizazioa eta hezkuntza da Bilboko Udalaren Lankidetza eta Bizikidetza Sailaren ardatzetako bat.

Alde horretatik, Itziar Urtasun zinegotziak behin eta berriro nabarmendu du nazioarteko arazo honen garrantzia, eta gogorarazi du ez dela, hala dirudien arren, "urruneko errealitate bat. Emakumeen sexuzko esplotazioa gerrako helburuetarako oso zabalduta dagoen praktika bat da, eta mundua inguratzen duten gatazketan beti izaten da, agerian edo ezkutuan. Drama hori amaiarazteko egin den lanari ezagutza agertu zaio nazioartean, esate baterako 2018an Nobel saria eman zitzaionean Nadia Murad ekintzaile kurduari. Gainera, uste dugu musika oso tresna ahaltsua dela emakume horien bizimodua ahal den neurrian aldatzeko".

"DUINTASUNAREN BIDEA"

Kontzertua bidaia baten moduan aurkezten da, Kurdistango musiketan zehar elkartasuna agertzeko bidaia baten moduan; artistek, nork bere estiloan, lortu dute ekialdeko eta mendebaldeko soinuak batzea. Ibrahim Keivo Siria ipar-ekialdeko Hesekê herri yazidian jaio zen, 1915eko genozidiotik bizirik iraun zuen familia armeniar batean; oso musikari ezaguna da, eta sariak irabazi izan ditu kurdu-arabiar eskualdean eta baita Europan ere. Haren kantuek eta musikek zirraraz adierazten dituzte Jazirako musikak.

Beste alde batetik, Gani Mirzo Band, Gani Mirzo musikari kurduak (Qamishhlo-n jaioa, Siriako Kurdistanen) zuzentzen duen taldea da; ekialdeko musiketan da aditua, eta Gani Mirzok berak lauta jotzen du oso trebeki. Kurdistango erritmoak flamenkoaren eta jazzaren erritmoekin batzen egindako musikazko ikerketa-lanagatik du ospea.