BILBO. Datorren asteko asteartean, maiatzak 4, Gaztetalk jardunaldi bat ospatuko da Bilborocken. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta astearte honetatik aurrera izena eman ahal izango da Bilbao Gazte web orrian. Jardunaldi honetan Europak gazteentzako aukera-espazio gisa duen garrantziaz hausnartuko da.

Europaren eremuko hiru gazte-elkartek antolatu dute saioa, Bilboko Udalaren laguntzaz: Europa x Euskadi, Embajadas para el Diálogo con la Juventud eta Europako Parlamentu Gaztea. Maiatzaren 9an ospatzen den Europaren Eguna dela-eta egingo da.

Gaztetalk-en helburuak hauek dira, besteak beste: Bilboko gazteek Europako bizitza demokratikoan parte hartzea, Bilbo-Europa konexioa pertsona gazteentzako aukera-espazio gisa erakustea, ikuspegi ezberdinak integratzea, eta gazteak Europak eskaintzen dizkien aukerak baliatzera bultzatzea.

GAZTETALK

Gaztetalkak duela zenbait urte egiten hasi ziren, hainbat gairen inguruan. Gazteen eta agenteen, adituen eta gaia ezagutzen duten profesionalen arteko topaketa, eztabaida eta gogoetarako espazioa dira, elkarrizketarako eta iritziak trukatzeko giroa sortzeko helburuarekin.

Gazteen, teknikarien, politikarien, adituen eta abarren iritziak eta ikuspegiak entzun eta jasotzeko espazio bat da, gazteei eta, kasu honetan, Europak eskaintzen dituen aukerei buruzko diskurtso eta ikuspegi konpartitu bat eraikitzeko.

ADIERAZPENAREKIN BAT EGITEA

Europaren Egunaren testuinguruan, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udalek adierazpen bat sinatu dute elkarrekin, Equipo Europak bultzatua, gazteek Europaz duten ezagutza eta parte-hartzea indartu, erakutsi, gehitu eta sustatzeko. "Herritarren parte-hartze handia daukan gizarte bat osasun demokratikoaren sintoma bat da eta, ondorioz, gizarte bidezkoago eta parekideagoa eratzen du. Euskal gazteriak funtsezko paper bat dauka, Euskadiren eta Europar Batasunaren oraina eta geroa eraikitzeko".

Adierazpenak oinarrizko 4 zutabe jasotzen ditu:

  • Indartzea: euskal ekosistemako eragileen eta sailen arteko lankidetza, Europar Batasuneko gazteen beharrizanak kontuan izaten dituzten politika integralak sortzeko helburuarekin.
  • Ikusgarri egitea: udalek nahiz gazteek eurek dituzten gazte-ekimenak, gizartearen funtzionamenduan parte-hartzea eta inplikazioa sustatzeko, errealitatearen ikuspegia eskainiz.
  • Gehitzea: gazteen parte-hartzea, zuzenean edo zeharka eragiten dieten arlo guztietan (etxebizitza, boluntariotza, berdintasuna, ...). Gazteria-politikak gazteekin eurekin batera definitu behar dira.
  • Sustatzea: Europar Batasunari buruzko ezagutza, ikastetxeetan irakasten denaz haratago, eta europar programetan sartzea erraztea: Erasmus +, Europako Elkartasun Kidegoa, Discover UE, EB-aren elkarrizketa gazteriarekin, eta abar.

ERAKUNDE ANTOLATZAILEAK

  • Europa Taldea 2019an sortu zen, #Esta Vez Voto kanpainatik abiatuta. Kanpaina hori Europako Parlamentuak bultzatu zuen, Europako azken hauteskundeetan parte hartzea sustatzeko. EB gazteengana hurbiltzea eta gazteen parte-hartze politikoa sustatzea du helburu, nahiz eta alderdikeriarik gabeko erakundea dela adierazi. 14 eta 30 urte bitarteko gazteak biltzen ditu, eta 18 lurralde-ordezkaritza ditu.
  • European Youth Parliament antolamendu apolitiko eta alderdikeriarik gabea. Europako gazteen beharrak tratatzen dituen espiritu hezitzailearekin. EYPk pentsamendu kritikoa eta independentea izatera animatzen ditu gazteak, eta trebetasun sozial eta politikoak ikasten laguntzen die, funtsezkoak baitira etorkizunerako. Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren babesa du, eta, gaur egun, eztabaida politikoari, nazioarteko topaketei eta abarri dagokienez, Europako gazteen plataforma handienetako bat da. 40 erakundek osatzen dute sarea.
  • Gazteriarekin hitz egiteko enbaxadak gazteekin hitz egitea Europar Batasunaren ekimen bat da, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte har dezaten sustatzen duena, lurralde-maila guztietan, tokiko mailatik Europakora; eta gazteen eta erabakiak hartzeko arduradunen arteko eztabaida sustatzen du, gazteria-politika publikoak diseinatu, ezarri, jarraitu eta ebaluatzeko.