BILBO. Bilboko Udalak bide-segurtasunaren arloan egiten duen lanak saria izan du. Europako Batzordeak Bilbo saritu egin du Mugikortasunaren Europako Astearen barruan ematen dituen European Urban Road Safety Awards sariarekin, hau da, Hiri Bide Segurtasuneko sariarekin.

Iragarpena online egin den zeremonia batean egin da eta bertan izan dira Adina Vla Lean, Europako Garraio komisarioa eta Matthew Baldwin, Europar Batasuneko Mugikortasuneko eta Garraioko zuzendari nagusiaren albokoa.

EBko Hiri-Bide Segurtasuneko Sariak tokiko agintariek Europako errepideen segurtasuna hobetzen egindako ekarpena nabarmentzen du eta bide-segurtasunaren arloan izandako lorpen nabarmen eta berritzaileak saritzen ditu. Irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko den 2021eko Mugikortasunaren Europako Astean banatuko da saria.

Bilbo sari honen irabazle izateko arrazoi nagusietako bat hirigune osoan abiadura 30 km/h-ra mugatzea izan da eta ondorioz, Bilbo mundu osoan 300.000 biztanletik gorako lehen hiria izan da neurri hori aplikatzen.

Iragarpenaren ostean, Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkio Europako Batzordeari, eta bilbotar guztiekin partekatu ditu nazioarteko aintzatespen horiek, "ahalegin kolektiborik gabe ezinezkoa izango baitzen Bizkaiko hiriburua hiri mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren munduko erreferente bihurtzea".

"Gaur egun, Bilbo mundu osoan aipatzen da bere mugikortasunagatik, hiribilduak pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen hiri mugikortasunaren aldeko apustu irmoaren alde. Etorkizuneko hiriak guztiontzat dira edo ez dira izango eta hori elkarlanarekin egiten da", esan du.

Abiadura-muga 30 km/h-ra jaistea zeharkako ekintza bat da eta ibilgailuen trafikoa modu eraginkorrean baretzea eta garraiobide desberdinen bizikidetza sustatzea du helburu, esparru partekatu batean. Jarduketa horren emaitzek oinezkoen eta bizikleten zirkulazioaren baldintzak eta segurtasuna hobetzea eta zarata nahiz atmosferara egiten diren emisio kutsagarriak murriztea ekarriko dutela espero da, ondorioz, giza osasuna hobetuz.

Neurri hau beste batzuekin osatzen da, hala nola oinezkoentzako ardatz jarraitu eta seguruak ezartzearekin, eskola-bideak ezartzearekin eta Bilbo osatzen duten auzo guztien erdigunearen inguruan egoteko guneak sortzearekin.

Europako Batzordeak aukeratu dituen beste bi hiri finalistak Heraklion (Grezia) eta Quart de Poblet (Espainia) izan dira. Iaz Pontevedrak irabazi zuen European Urban Road Safety Awards.