BILBO. María Ibarretxe, Susana Talayero, Charo Garaigorta, Eduardo Sourrouille eta Helena Goñi artistek euren lanak izango dituzte ikusgai uda honetan BilbaoArte Fundazioan. Bost artistak 'Soplo. Arnasketa saiakerak' izeneko makroerakusketan izan ziren hautatuak.

Haien lanak 25 artisten lanen eta proiektuen artean izan dira hautatuak, zeintzuek pandemiak gizartean, ekonomian, politikan eta artean eragin dituen ondorioak aztertu baitituzte.

Irabazle gertatu diren proposamenak ostera ere ikusi ahal izango dira BilbaoArteren Urazurrutia Aretoan, eta artistek bost sari jasoko dituzte, 5.000 eurotan baloratuak. Epaimahaia Miguel Zugazak, Petra Pérezek eta Petra Joos-ek osatu dute.

"SOPLO - ARNASKETA SAIAKERAK"

"Soplo. Arnasketa Saiakerak" makroerakusketa uriko lau egoitzatan egon da erakusgai joandako asteetan, hala nola Zabalguneko Eraikinean, Euskal Museoan, Mariaren Bihotzeko Plazako Aztarnategian eta Abandoko Udaltegian.

Makroerakusketa, berez, "Artistak Koronabirusaren Aurka-Ekaitzaren Ostean" deialdiaren emaitza da; deialdi hori beste batekin batera eman zen argitara, zeinak "Isiluneen artean" baitzuen izena, 2020ko ekainean, guztira 100.000 euro baino gehiagoko balioarekin. Bi proiektu horiek #BilbaoAurrera2020 Planaren parte dira, zeinaren xedea baitzen covid-19aren krisiak eragindako ondorioak leuntzea eta arte garaikidearen sorkuntzaren tokiko sektorea sustatzea.

#BilbaoAurrera2020 Planaren helburuak beterik, Udalak beste ezohiko plan bat jarri du abian, #BilbaoAurrera2021 izenekoa, atzenengo hilabeteetan egindako lanaren jarraipena. 15,1 milioi euroko aurrekontua du, eta 43 neurri zehatz gauzatu nahi ditu gizarte-kohesioaren, kulturaren, ekonomiaren eta enpleguaren arloetan; horien artean dago "Bilbao Arte Gela Irekia- BAG!" deialdi berria ere, gogoetarako gaitasuna, ezagutza eta artezko ekintzen sustapena eta proiekzioa indartzeko jardueretarako proposamenak hautatzearren.

PROIEKTU IRABAZLEAK

  • Desescalada walks 2020, Helena Goñi

Argazki batzuk dira, deskonfinamenduaren lehenengo faseetan eginak, betiere itsasadarraren ondotik ibilbide bera eginez: Areetatik Lamiako aldera, kamioien atseden-gune batean zehar, han ez atzera ez aurrera geratuak baitziren, bidean aurrera joatea galarazirik. Formatu erdiko kameran karrete bat, 15 argazki ibilaldiko. Artistak bere buruari ezarritako arauak, konfinamenduaren osteko durduzaduraren ostean lanean hasteko.

  • GREEN SONGS. Pequeños exorcismos clorofílicos, María Ibarretxe (GREEN SONGS. Klorofilazko saiakera txikiak, María Ibarretxe)

Landareei so egiteko eta entzuteko une bat, alarma-egoeran bizirik iraun baitzuten, eta, aldi berean, bakardadearen gelditasunean lagun eta isil mandatari izan baitziren. Naturak ulu egiten du, negar egiten, du barre egiten du eta dar-dar ere bai.

  • Presagios que nos circundan, Susana Talayero (Inguratzen gaituzten zantzuak, Susana Talayero)

Muntaia-ariketak marrazki baten eta haren horma baten gaineko luzapen hondarrezkoen inguruan. Materialekiko buruz buruko batean, margotua eta margotuaren espazioan zeharko barreiatzea prekarietatearen, istripuaren, hausturaren ideiari buruz ari dira. «Pandemia aurreko-osteko» garaiez harago, arteak duen ahal iragarle eta askatzailea da artistaren bultzatzaile.

  • 1/400. La presencia inadaptada, Charo Garaigorta (1/400. Presentzia ez egokitua, Charo Garaigorta)

Hiru artefaktu tripodek osatzen dute 1/400 diorama. Loka baitaude kokaturik eta darien formen literatura mehatxuzkoa baita, gertaera bat argudiatzen dute; gerta liteke ibiltzea edo jaustea, hori da haien presentziaren arrakasta mingotsa. Haien itxura ere ez da solidoa, zeren eta hasierako ukipenak era bateko eta besteko kontaerak bilbatzen baititu, gure sentikortasuna informaziorantz lerratzen delarik. Tripode horien eskalako baliabideek, zeintzuen artean pertsonak ere izan baitaitezke, haien ehundura ematen dute argitara, auzi eszeniko bihurtzean. Gure sentikortasuna posibilitaterantz proiektatzen dute. Hiru eskulturak agertzen dira guri esatera litekeena dela egunen batean existitzea.

  • Un chant d'amour, Eduardo Sourrouille

Konfinamenduaz, Jean Genet-en Un Chant d'amour filmetik (1950) abiatuta, zeinaren gaia baita sexuaren eta boterearen mugen urratzea giltzapean gertatzen diren amodiozko harremanetan, Sourrouillek argazki-sail eszenaratu bat proposatzen du, gogoeta goibel bat agertzen duena bikotearen, komunikazioaren, bakartzearen, desiraren, kamusadaren eta hirugarren subjektu baten eraginari buruz.

EPAIMAHAIA

Miguel Zugaza artearen historialaria eta museografoa da. Bere ibilbidean zehar, kargu garrantzitsuak bete izan ditu arte-erakunde garrantzitsuetan, hala nola Bilboko Arte Ederren Museoa, Reina Sofía Museoa eta Pradoko Museoa. Hamabost urte Madrilgo museoan lanean eman eta gero, 2017ko martxoan hartu zuen bere gain Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaritza.

Petra Pérez Vanguardia Galeriaren zuzendaria da; 1984an sortu zuen galeria hori, eta bera da ugazaba eta, beraz, sortzailea ere. Zortzi urtean Euskadiko Arte Galerien Elkarteko presidentea izan da, eta hiru urtean Espainiako Arte Galerien Elkarteen Batasuneko diruzaina. 2014an MAV saria eman zioten (Mujeres en las Artes Visuales, Emakumeak Ikusizko Arteetan), galeristarik onena zela jo zutelarik emakume artistak sustatzen eta laguntzen egindako lanagatik.

Petra Joos komisarioa da, eta Bilbao Guggenheim Museoko museo-jardueren zuzendaria 2000. urtetik. Lehenago, Madrilgo Reina Sofía Museo Nazional eta Arte Zentroko erakusketa-zuzendari izan zen, 1990etik 1991ra, eta Valentziako Bancaja Fundazioaren zuzendaria,1992tik 1999ra.