BILBO. Bertendona Insitutuak 'Poltsiko musika' programaren hamaseigarren edizioa jasoko du hil honetan. Lau saio ospatuko dira guztira, ostiraletan; hau da, apirilaren 9, 16, 23 eta 30ean.

Hala, Udalak kultura-sektoreari laguntzeko eta 0. kilometroko kultura bilbotarrei hurbiltzeko egin duen apustua berresten da.

Kontzertu bakoitza 18:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude esteka honetan, 5 euroko prezioan. Gainera, ekitaldiaren egun berean, esparruan bertan salmenta fisikorako erreserbatutako sarrera-kopuru txiki bat egongo da.

Lehenbizikoa apirilaren 9an iritsiko da María Rivero & Tribu Bandaren eskutik (Maria Rivero, ahotsa, gitarra; Eriz Pérez eta Josean Valle, teklatuak; Gorka Chamorro, perkusioa). Kantari eta konpositore bizkaitarrak bakarkako lehen albuma aurkeztuko du, bere alderdirik intimoena agertuz. Letra sakonak eta melodia lasaiak, banda formatuan, jendaurrean abesti bakoitzean emozio, poesia eta soinu mordoa helaraziz.

Ostiralean, hilak 16, Jesús Ayestaren txanda izango da. Bere gitarra akustikoarekin, eta zenbait abestitan grabatutako oinarriekin, bizkaitar musikari honek kantu propioz osatutako kontzertua eskainiko digu, Sabina, Los Secretos, Revólver, Serrat, The Eagles, Eric Clapton, Benito Lertxundi, Txomin Artola eta abarren bertsioekin tartekatuta.

Cristina Narea, Rafa Aceves piano-jolea lagun duela, Bertendona institutura iritsiko da apirilaren 23an. Gaur egun getxotarra den konpositore eta kantari txiletarrak hainbat estilotako kantak eskainiko ditu: rock amerikarra, folka eta jazzaren harmoniak. Haren letrek poesia aipatzen dute, beti giza eskubideen defentsari lotuta. Bere ibilbide musikalean, Aute, Sabina, Revólver eta Nacha Pop artista ezagunenetako batzuk izan ditu lagun.

"Poltsiko musika" XVI. edizioa apirilaren 30ean amaituko da, Urbanetniko Trioren kontzertuarekin, Blas Fernández bateria-jolearen lehen lanarekin. Jazzaren eta hainbat musika-estiloren arteko elkarrizketa da, hala nola rocka, funka, world music, latina eta abar. Musika-estiloen amalgama horrek izaera irekia eta globala ematen dio bere musikari, norabide guztietan hedatzen dena eta eragin berrietara irekita dagoena. José Luis Canal piano-joleak eta Raúl Vera gitarra-joleak ere osatutzen dute taldea.