BILBO. Ametzolako zuzkidura-bizitokietan 66 apartamentu eta ibilgailuetarako 160 plaza erakitzeko lanak amaitutzat eman ditu Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak. Lehenengo fase honetan zazpi milioi euro inbertitu dira. Bigarren fasean, aldiz, 94 etxebizitza gehiago eraikitzea aurreikusita dago.

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak hainbat irizpide ezarri ditu apiriletik aurrera bizitoki horietan biziko diren pertsonen profilak zehazteko. Bizitokien % 50ean, 33 pisutan, 30 urtetik beherako pertsonak biziko dira, lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbateko baliokidea edo handiagoko diru-sarrerak dituztenak eta gehienez baremo horren bikoitza dutenak; % 30, 18 pisu, 65 urtetik gorakoentzat bideratuko dira, horien artean desgaitasuna eta mugitzeko mugak dituzten pertsonak, 6 bizitoki egokitu aurreikusi baitira horientzat; eta gainerako % 20a, berriz, 15 bizitoki, zaurgarritasun-egoeran gerora sortutako etxebizitza-gabezia duten pertsonentzat gordeko dira.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, Iñaki Arriolak, gaur goizean bisitatu ditu instalazioak Bilboko alkateorde eta Mugikortasunaren, Ingurumenaren, Etxebizitzen eta Garapen Osasungarriaren Politiken koordinatzaile Alfonso Gilekin eta Etxebizitza-arloko zinegotzi ordezkari eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen presidente Jon Bilbaorekin batera.

Iñaki Arriolak nabarmendu du "Bilboko Udalak etxebizitzaren arloan erakutsitako inplikazioa eta eginiko ibilbidea", eta gogorarazi du "oso garrantzitsua dela administrazioek elkarrekin eta modu koordinatuan lan egitea alokairuko parke publiko indartsua lortzeko, herritarren etxebizitza-beharrei erantzuteko gai dena".

Alfonso Gilek, berriz, nabarmendu du "proiektu hau Udalak udalerrian etxebizitzen parkea areagotzeko apustuaren barruan dagoela, eta kasu honetan, etxebizitza babestuaren formula bat sustatzen dela, gazteak errazago emantzipatzeko baina baita beharrizan handiagoak dituzten gizarte-sektoreei bizitoki-baliabideak emateko ere".

Etxebizitza-arloko zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen presidente Jon Bilbaoren arabera, "beren bizi-proiektuari independenteki ekiten dioten pertsonei gizarte-etxebizitza mota hori eskuratzea erraztea da xedea, baita eraikina belaunaldi desberdinek erabiltzea sustatzea ere; elementu komunak partekatzea izango da ezaugarri nagusietako bat. Pertsona bateko edo biko bizikidetza-unitateetarako pentsatuta daude, denbora-tarte mugatu batean erabiltzeko, pertsona horien bizi-ibilbidearekin lotuta".

Zuzkidura-bizitokiak instalazio eta zerbitzu komunak dituzten etxebizitza-baliabideak dira, eta errotazioa egin behar da horietan nahitaez. Errotazioari esker, apartamentu mota horiez gozatzeko denbora mugatzea bermatzen da. Kontratuak bost urterako egin behar dira gehienez, errotazioaren mesedetan.

Proiektuak mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei egokitutako apartamentu-eredu bat ere badu, 51 m2 inguruko azalerarekin; gainerakoek, berriz, 30 eta 40 m2 artean izango dituzte. Lehenengo fase honetan sei apartamentu egokitu eraiki dira. Alokairu-prezioak 150 € eta 350 € artekoak dira hilean, bizikidetza-unitatearen diru-sarreren arabera.

Oro har eraikinean (bi faseetan) 11.400 m2 eraikitzea aurreikusten da, behe solairuan eta 9 solairutan banatuta. 852 m2-ko espazio komunitarioa izango du, baita 650 m2-ko lorategi-eremua ere. Eraikuntzak teilatupeko hiru solairu, behe solairua eta zazpi solairu ditu, baita 10 ortu ekologikotarako lekua ere teilatu lauan.

Teilatupeko hiru solairutan 160 aparkaleku gaitu dira, 129 autoetarako eta 31 motozikletetarako. Autoetarako hamar aparkalekuk hornidura elektrikorako kargagailuak dituzte. Behe solairuan ataria, hainbat erabileratarako espazio komunitarioa, bizikletak aparkatzeko lekua eta 3 bizitoki daude. Lehenengo bi solairuek 20 bizitoki dituzte, horietako bi egokituak; hirugarren solairutik seigarren solairura 36 bizitoki daude, horietako lau egokituak; zazpigarren solairuan 7 bizitoki daude, eta txoko eta terrazarako eremua ere bai. Eraikinak erabilera komuneko aretoak ditu solairu bakoitzean, hala nola liburutegia, lanerako gela wifi-konexioarekin edo telebista-gela.

Eraikinak eko-diseinuaren ziurtagiria jasoko du. Beroa errendimendu handiko aerotermia-instalazio batekin sortzen da, eta berogailua zoru bero-emailearen bidez hornituko da. Kontsumo-irakurketak banaka egingo dira. Software bat diseinatzea aurreikusten da instalazio eta espazio komunen datuen kudeaketa integratua egin ahal izateko.