BILBO. 16 eta 30 urte bitarteko gazteen artean boluntariotza sustatzeko plan berri bat jarriko du martxan Bilboko Udalak. Gazteen Boluntariotza eta Parte hartzea Sustatzeko lehenengo Udal Programa honek estatuko eta nazioarteko boluntariotza-proiektuetan parte hartzea du helburu, esperientziak eta baloreak berengana ditzaten, hazten eta beren gaitasunak eta ahalmenak hobetzen lagunduko dietenak.

Programa honek, gainera, 4 helburu osagarri ezartzen ditu, baina aldi berean estrategikoak ere badirenak:

  • Agertzea nola Bilboko gazteek parte hartzen duten ekintza boluntarioetan eta nola parte hartzen duten gizartean.
  • Herritarrak eta gizarte-eragileak sentsibilizatzea boluntariotzaren balioei, garrantziari eta aniztasunari buruz.
  • Boluntariotza sustatzea tokiko, estatuko, Europako eta nazioarteko eremuetan, gazteen artean partaidetzaren eta gizarte-konpromisoaren kultura sustatuz.
  • Elkarteen sarea indartzea, udalaren eta gizarte-eragileen arteko lankidetza-sareak erraztuz (elkarteak, Bolunta, EGK, unibertsitateak, ikastetxeak, enpresak €dira gizarte eragileak).

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak Plana aurkeztu du gaur goizean Alex López Kiribil entitateko ordezkariarekin batera. Errotetak Bilboko Udalak honako hau nahi duela nabarmendu du:"Gazteek beren gaitasunak eta gaitasunak hobetzen lagunduko dieten esperientziak eskuratzea, baina baita beren hazkunde pertsonala ere. Parte hartzea nahi dugu, etxetik gertu edo urrunago egiteko aukerak dituztela jakin dezaten nahi dugu, nolanahi ere, esperientzia aberasgarriak eta beren inguruko beste neska-mutil batzuekin partekatuak, eta gaur egun Europak beraientzat duen agertoki handia kontuan hartuta". Errotetak gaineratu duenez, beste helburuetako bat "Bilbon boluntariotza proiektuak hemen, hirian, garatu nahi dituzten gazteak hartzea da".

PLANA GARATZEA

Gazteen Boluntariotza eta Parte Hartzea Sustatzeko Udal Programa sortu zen Bilboko Udalaren eta Bilbon boluntariotzaren arloan lan egiten duten entitateen elkarlanetik. 2020an, Udalak gogoeta eta eztabaida bat hasi zuen boluntariotzako programak zeuzkaten 30 entitaterekin, zeintzuek Programaren behin betiko diseinuan lagundu baitute.

Gainera, iaztik, 2020tik, Udala lanean ari da, plan hau ezagutzera emateko eta haren garrantziaz zenbait sektore sentsibilizatzeko zenbait ekinbidetan:

  • 35 elkarte aurkitu ditu Bilbon gazteen parte hartze eta boluntariotzako proiektuak dauzkatenak. Proiektu horiei agerikotasuna eta proiekzioa eman zaie, beste gazte batzuek ere parte hartzeko.
  • Udaleko langileei formazioa eman die boluntariotzaren inguruan, interesa duten gazteek nahiz elkarteek ekar ditzaketen informazio-beharrizanei erantzuteko.
  • Think Tank edo talde eragile bat jarri du abian, Udalarekin elkarlanean aritzen diren 16 entitate laguntzailerekin (Zinegoak elkartea, Gurutze Gorria, Gorabide, Berdeago, Umeak kalean, Deustuko Unibertsitatea, EHU, eta beste),
  • Ekintzailetza solidarioko ekimenak sustatu dira eta laguntza eman zaie 7 entitateri, dirulaguntza-lerro baten bidez, guztira 20.000 euro emanez.
  • Atal bat sortu da Bilbao Gazte Udalaren web orrian, gazte boluntarioen, proiektuen eta deialdien gaineko informazioarekin.
  • Programari buruz sentsibilizatzeko 5 tailer garatu dira, eta 171 gaztek hartu dute parte, Bilboko bi ikastetxetako batxilergokoek eta formazio-zikloetakoek, hala nola San Luis eta Esclavas Tívoli.

2021EKO EKINTZAK, EUROPAKO ELKARTASUN KIDEGOA

Iaz sustatutako lan-ildoekin jarraitzeaz gainera, 2021ean, programak arreta berezia jarriko dio Erasmus + Europar Elkartasun Kidegoa (CES) programari. Europar Batasunak sustatzen duen programa bat da, 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat, eta aukera ematen du boluntariotza-proiektuak gauzatzeko nahiz atzerrian, nahiz Estatuan bertan, europar erkidegoei eta herritarrei laguntzearren.

Programa honek aukera ematen die gazteei 2 eta 12 hilabete bitarteko epe batean esperientzia aberasgarri bat bizitzeko, EBren finantzaketarekin, eta, hala, ezagutzak, ahalmenak eta laguntza eskuratzeko, eurak pertsona moduan eta profesional moduan haztearren.

Programaren xede nagusia da gazteek parte hartzea gizarte inklusiboago baten eraikuntzan, eta, hala, gizarte sektore zaurgarrienei laguntzea, hartara gazteek gaitasun handiagoa har dezaten europar erkidegoak etorkizunean izango dituen desafioei aurre egiteko.

Programa hau sustatzeko, ia ezezaguna baita gazteentzat nahiz Bilboko entitateentzat, Udalak era bateko eta besteko laguntzak sustatu ditu:

  • Informazio eta aholku zerbitzua jarri du abian hirugarren sektorean boluntariotza-programa horrekin elkarlanean ari diren entitateentzat, hartara Europar Batasunak eskatzen dien ziurtagiria lor dezaten, Europar Elkartasun Kidegoari proiektuak aurkeztu ahal izateko. Iazko atzenengo hiruhilekoan zehar, entitate horietako hiruk lortu zuten ziurtagiri hori, eta, gaur den egunean, apirilean egingo den hurrengo deialdian ere aurkezteko moduan izango dira. Aurten, espero da gehiago izatea eskakizun hori beteko duten entitateak.
  • Udalaren programak, Udal Etxebizitzak udal entitatearekin elkarlanean, udaleko entitateen esku jarri du etxebizitza bat, hiru europar boluntario ostatatzeko. Iritsiko diren lehen pertsonak Kiribil elkartearen eskutik iritsiko dira, urteko bigarren seihilekoan, beren boluntario-lana umeentzako eta nerabeentzako aisialdi hezigarriko programetan garatzeko, Udalarekin lotura duten programetan, hain zuzen.

Europar boluntariotzako esperientzia honetan ekintzaile izan nahi duten Bilboko gazteei informazioa ematearren eta laguntzearren, Udalak informazio zerbitzu berezia jarri du abian, zeinean Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko langileak eta Bolunta agentziako langileak arituko baitira jaramon egiten. Arreta aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta telematikoa izango da:

  • Udala: gazteria@bilbao.eus; BilboGazte udal webgunean; eta aurrez aurrekoa arreta Venezuela plazan, 2. zenbakian, 4. solairuan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.
  • Bolunta: 94 416 15 11 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era.

Azkenik, Europar Elkartasun Kidegoaren programa ezagutzera ematearren, gaur abiatuko da zabalkunde-kanpaina bat Udalaren sare sozialen bidez eta beste baliabide batzuen bidez (hala nola autobusetako berinapeak). Kanpainak apirilaren 15era arte iraungo du.