BILBO. Bilboko 51 taldetako entrenatzaileek hartuko dute parte Bilboko Udalak martxan jarritako kirolaren arloko indarkeriaren prebentzioari eta balioei buruzko online programa aitzindarian.

Watseko hezitzaileen, psikologiako profesionalen eta gizarte-bitartekaritzako profesionalen taldeak emango du ikastaro hori, Bilboko Udalak diruz lagunduta, eta, beraz, doakoa izango da klubentzat.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak adierazi duenez, ekimen hau Bilbao Balioen Hiria programaren barruan dago, "balioak gure pista, zelai eta kantxetan egotea nahi dugu. Kirola tresna handia da gaztetatik jardunbide eta portaera onak sustatzeko eta bultzatzeko Lan egin behar dugu kirolari guztiek, haurtzarotik, barneratu dezaten errespetua, adiskidetasuna, ahalegina edo ilusioa kirola handi egiten duten balioak direla, garaipen eta lorpen pertsonalen gainetik". Errotetak, gainera, Bilboko kluben prestakuntza-prozesuak "zabaltzera eta osatzera" datorren programa hori azpimarratu du, eta horrek "kirol kalitatea eta uriko kirol erakundeen arteko gizarte eta giza harremanak hobetzea" ekarriko duela gaineratu du.

Prestakuntza edozein kirol-diziplinatako entrenatzaileei zuzenduta dago, haien maila akademikoa edo adina kontuan hartu gabe. 50 ordu teoriko-praktiko emango dira lan egiteko: entrenatzailearen figuraren garrantzia, balioetan heztea, indarkeriaren prebentzioa, kirol-psikologia eta bitartekaritza.

Wats online plataformari eta komunitateari esker, ikus-entzunezko formatu malgu baten bidez, entrenatzaileek beren erritmoan aurrera egin ahal izango dute 15 minutuko saioekin edozein gailuren bidez (smartphonea, tableta edo ordenagailua). Bideo labur eta erakargarriekin ikasiko dute, ariketa praktiko eta dinamikoekin batera. Plataformak, prestakuntzaz gain, komunitate-atal bat, foroak eta ekitaldiak ditu, entrenatzaileak harremanetan egon daitezen.

Prestakuntza martxoaren 15ean hasiko da, eta parte-hartzaileek 4 hilabete eta erdiko epea izango dute prestakuntza egiteko. Prestakuntza behar bezala osatzen duen entrenatzaile bakoitzak Mondragon Unibertsitateak emandako unibertsitate-diploma bat jasoko du, 2 ECTS kreditu jasotzeko eskubidea ematen duena -Europako Kredituak Transferitzeko eta Metatzeko Sistema-.

Metodologia aitzindaria da Estatuan, Wats Coach Academy programa balioen eta indarkeriaren prebentzioaren arloko lehen unibertsitate-prestakuntza baita. 2017tik, 20 diziplinatako 800 entrenatzaile baino gehiago prestatu dira programa honekin.

WATS TELEFONOA

Prestakuntza horrekin batera, informazio-ekintzekin kanpaina bat jarriko da abian, WATSek abian jarritako kiroleko indarkeriaren aurkako telefonoa ezagutarazteko eta, beharrezkoa bada, haren erabilera sustatzeko: 688 655 099.

Wats profesional-taldeak kirol-esparruko indarkeria-kasuei buruzko kontsulta guztiei erantzuten die zenbaki horretan.