BILBO. 2016ko apirilaren 16an, lurrikara batek kalte handiak eragin zituen Ekuadorreko hainbat lekutan. Kalte horiek konpontzen laguntzeko asmoz, Bilboko Udalak 70.000 euro bideratu egin ditu Río Manta Fundaziorako eraikin berri bat eraikitzeko. Eraikin horrek Aita Arrupe jesuita bilbotarraren izena eramango du.

Aita Arrupe eraikinean Fundazioak garatzen dituen jarduerak egingo dira; Fundazioak, izan ere, gizarteko sektorerik baztertuenekin lan egiten du eskubideak genero-ikuspegitik sustatzeko, exijitzeko eta itzultzeko prozesuetan laguntzeko, horien gizarteratzearen eta eskubideen alde eginez aldaketa sakonak ahalbidetzeko. Fundazioaren proiektu nagusien artean, eta, gainera, horietan laguntzen du batez ere Bizkaiko hiriburuko Udalak, genero-indarkeriaren aurkako borrokan, emakumeen ahalduntzean eta haien egoera hobetzean zentratzen diren proiektuak dira. Horregatik, ekipamendu berriaren inaugurazioa martxoaren 8arekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, batera egin nahi izan zen.

Dirulaguntzei dagokienez, azken bost urteetan, Bilboko Udalak 300.000 euro baino gehiagorekin finantzatu ditu Rio Manta Fundazioak gauzatzen dituen jarduerak, Ayuda MAS GGKE bilbotarraren bidez.

Finantza-lankidetzaz gain, Bilboko Udalak lankidetza teknikoa egin du 2013 eta 2017 artean. Gizarte Laneko eta genero-indarkeriaren biktimei arreta eta prebentzioa emateko udal-teknikari bi Mantara joan ziren esperientziak eta trebakuntza trukatzeko saioetara, eta Mantako Poliziarekin, arduradun politikoekin, Fundazioko gizarte-langileekin eta Familia barruko Indarkeriaren Prebentzio eta Arretarako Sarearekin egon ziren.

RIO MANTA FUNDAZIOAREN PROIEKTU SOZIALAK

Rio Manta Fundazioak garatzen dituen proiektuen artean, alde batetik, Indarkeriaren Biktima diren Emakumeei Arreta emateko Unitate Ereduak nabarmentzen dira, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei doako arreta legala, soziala eta psikologikoa eskaintzen dietenak. Prebentzio-lanak egiten dira, eta erakunde arteko sareak sortzearekin batera, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten laguntzeko lan egiten da. Gainera, Mantako emakumeen kolektiboa indartzen da; espazio horretan, emakumeek beren eskubideak ezagutzen dituzte eta ahaldundu egiten dira.

Bestetik, liderren eskola abiarazi dute, giza-eskubideak, herritarren partaidetza, genero-ekitatea, familia barneko indarkeria, ingurumena eta bestelako gaiei buruzko prestakuntza indartzeko.

Jendearentzako jantoki bat ere badute; hor 120 haur eta heldu baino gehiago hartzen diztuzte doan. Egunero jatekoa emateaz gain, prebentzio- eta entretenimendu-jarduerekin osatzen dute arreta hori.

Halaber, osasuneko eta osasun komunitarioko zentro bat dute. Zentro horretan, egunero, 120 pertsonari eskaintzen diete lehen mailako arreta, merke, espezialitate hauetan: medikuntza orokorra, obstetrizia, kardiologia, traumatologia, odontologia, terapia fisikoa eta arnasketa-terapia, pediatria, laborategi klinikoa, ekografia eta erizaintza. Eskubideen eta osasunaren sustatzaileen etxeko bisiten bidez, komunitatea prebenitzen eta hezten dute, osasun-, nutrizio-, higiene- eta ingurumen-saneamenduko baldintzak osoki hobetzeko. Gainera, zerbitzu hori indartu egiten da gaixotasun kronikoak (diabetesa eta hipertentsioa, adibidez) dituzten adinekoei arreta medikoa emanda, eta botikak doan ematen zaizkie.

Azkenik, baliabide ekonomiko gutxiko haurrentzako eskola-bekak daude. Beka horietan eskola-materiala eta uniformeak sartzen zaizkie, eta familiekin jarraipena egiten da, ikasturteak amaitzen direla bermatzeko.

2016ko LURRIKARA MANTAN

Manta Ekuadorreko bigarren porturik garrantzitsuena da, Guayaquilen atzetik, eta 2016ko apirilaren 16ko lurrikaran hainbat eraikin erori ziren, Eloy Alfaro Nazioarteko Aireportuaren kontrol-dorrea barne; horrez gain, giza galerak egon ziren eta luzaroan egon ziren argindarrik eta edateko urik gabe.