BILBO. Urtero egiten duen moduan, martxoaren 8an mundu osoan zehar ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du aurten ere Bilboko Udalak. Horren inguruan, Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du martxan, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisian emakumeek egin duten lana erakusteko. Gaur goizean, martxoak 1, kanpaina aurkeztu egin da prentsaurreko baten bidea.

Nekane Alonso Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotziak kanpainaren leloa eta helburuak azaldu ditu. "Emakumeen ahalduntzea sustatzeko Andre eta Jabe estrategiaren esparruan, erantzunkidetasunaren aldeko neurriak bultzatzeko beharra aldarrikatu nahi dugu", adierazi du Alonsok.

Aurten, Berdintasun Sailak "Eta zu, nola moldatzen zara? / Y tú€ ¿cómo lo estás haciendo?" lema aukeratu du. Esan duten moduan, "mezu honekin emakumeok aurre egin behar izan diegun eta egiten ari garen desberdintasunak eta zailtasunak agerian utzi nahi izan ditugu".

Gainera, hau zehaztu dute: "erantzunkidetasun sozialerako deia da, eta ezinbestekoa da banakako partaidetza, gizonena eta emakumeena, bai eta taldekoa ere, enpresena eta erakundeena". Erantzunkidetasunari dagokionez, Bilboko zinegotziak esan du "gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko eta talentua erakartzeko eta leialtzeko enpresa-estrategia bakarra izatea" dela. "Azken finean, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea". Nekane Alonsok adierazi du kanpaina honek "emakume guztientzako mezu itxaropentsua, ahalduna eta guztiontza," izan nahi duela.

ERANTZUNKIDETASUNA LORTZEKO INPLIKAZIOA

Martxoaren 8a ospatzeko diseinatu den komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainarekin, Bilboko Udalak hiru helburu lortu nahi ditu. Helburu horiek erakundeen eta langileen inplikazioan oinarritzen dira bereziki, gizonen inplikazioan, erantzunkidetasunean oinarritutako eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunik sortzen ez duten lan-ereduak finkatzeko:

  1. Emakume guztiek osasun-krisiaren garai honetan egin duten ekarpena aitortzea.
  2. Enpleguei, ekoizpenari eta zerbitzuei eusteko ezarri diren lan-kudeaketako eredu berriak aztertzea, baina berdintasunaren aurrerabidean eta genero-ikuspegia txertatzeko premian duten eraginari buruz ere hausnartzea.
  3. Erantzunkidetasuna sustatzea, emakumeen eta gizonen artean desberdintasunik ez sortzeko.

Prentsaurrekoan, Berdintasuneko zinegotziak azaldu du zein izan den emakume askok konfinamenduan eta pandemiaren hilabete hauetan bizi izan duten egoera: "etxean ordaindu gabeko lanak, eta adinekoen eta seme-alaben zaintza, emakumeen esku geratu dira berriro", eta gaineratu du: "lan- eta familia-arloen arteko espazioen eta denboren mugak lausotu egin dira, eta batzuetan alde batera utzi dugu espazio pertsonala". Halaber, onartu du "eremu pribatuaren erantzukizuna bere gain hartzeko orduan, gizonen eta emakumeen artean dagoen desberdintasuna inoiz baino nabarmenagoa dela".

Denboraldi honetan familia eta lana uztartzean izan den eraginari eta gerta litezkeen bestelako bereizkeria-moduei dagokienez, Berdintasun Sailak, Denbbora sarean parte hartzen duten enpresekin batera, covid-19aren ondoren hartutako neurriak aztertu ditu eta emakumeen eta gizonen berdintasunean izan dezakeen eragina baloratu du.

Lehenengo ondorioen artean, nabarmentzekoa da enpresa-kudeaketarako eredu horiek dituzten enpresak, denbora hobeto kudeatzeko eta lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko konpromisoa zutenak, izan direla egoerara ondoen egokitu direnak. Gainera, azaldu dutenez, erakunde horiek emaitza hobeak izan dituzte beren mozkin-kontuan eta beren kontu ez-finantzarioetan, hala nola lan-giroan, emakumeen eta gizonen berdintasunean eta ingurumen-eraginean.

Denbbora Sareak egindako azterlanean, 10 elkarrizketa egin zaizkie era bateko eta besteko sektore eta tamainako 10 enpresari, zeintzuen artean, guztira 3.902 pertsona baitauzkate beren plantilletan (2.110 emakume eta 1.792 gizon).

Datuen arabera, gizonen eta emakumeen artean bada ehuneko handi samar bat baieztatzen duena etxeko lanak eta zainketak berdintasunez banatu direla; hala ere, gizonek joera dute berdintasun hori den baino handiago neurtzeko. Edozelan ere, lanen artean desberdintasunik badago, gizonek gehiago parte hartzen dute erosketetan, eta gutxiago zainketa-lanetan eta umeei eskolako lanekin laguntzeko lanetan. Gainera, gaur den egunean, eta egungo egoeran, ikus daiteke zelan emakumeek eta gizonen berdindu egin duten ehunekoa baimenei eta lizentziei dagokienez (% 86/% 87), eta, beraz, bide onean gaude erantzukidetasunezko kontziliazioa sustatzeko.

WEBINAR: "ERANTZUKIDETASUNEZKO KONTZILIAZIOA. BERDINTASUNAREN ERRONKA"

Beste ekintza bat, data honen inguruan gauzatuko dena, webinar bat izango da: asteazkenean egingo da, martxoaren 10ean, eta webgunean ikusi ahal izango da, 18:00etatik aurrera, "Erantzukidetasunezko kontziliazioa. Berdintasunaren erronka" izenarekin.

Online saio honetan, Rosa Cobo Bedia gaiak lantzen dituen teorialari, Unibertsitatean Generoaren Soziologiako irakasle titular eta unibertsitate horretako Genero eta Feminismo Ikasketetako Zentroaren zuzendariak genero-rolak aztertuko ditu, eta baita ere gizonen eta emakumeen jokabideak espazio pribatuan nahiz publikoan.

Teresa Empar Aguado Bloisek ere parte hartuko du webinarrean, eta kontziliaziorako gaur egungo neurrien eta horiek emakumeen beharretara ikuspegi feministatik egokitzeko etorkizuneko jarduera-ildoen inguruko hausnarketa egingo du. Valentziako Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Antropologia Saileko doktorea eta irakaslea da Aguado. Emakumearen Ikasketetarako Unibertsitate Institutuko (IUED) kidea da. Malagako Unibertsitateko Emakumearen Ikerketa Historikoen Elkartearen (AEHM) Burgosko Carmen dibulgazio feministaren saria jaso du. Haren ikerketa-ildoak Laneko Soziologia, Generoa eta Ekonomia Feminista dira.

KANPAINAREN ELEMENTUAK

Datozen egunotan, udal kanpaina hau hainbat euskarri fisikotan eta hiriko altzarietan jarriko da. Euskarri digitalean, webgunean eta Udalak sare sozialetan dauzkan kontuetan zabalduko da: Bilbao Berdintasuna -facebook eta twitter- eta Bilboko Udala -facebook, instagram eta twitter-. Komunikabideetan ere zabalduko da.