BILBO. Igande honetan, hilak 28, Gizarte Larrialdiko Laguntzak (GLL) eskatzeko eta izapidetzeko epea irekiko du Bilboko Udalak, urtarrileko osoko bilkuran erabaki zuten bezala.

Iñigo Zubizarreta zinegotziak adierazi duenez, "Bilboko Udalean GLLak eskatzeko epea laster irekiko denez, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi nahi dugu, eta erabiltzaileei arreta emateko antolakuntza egokia bermatu".

Iaz bezala, Udalak dirulaguntzen hartzaileen artean sistema telematikoen erabilera bultzatu du dirulaguntza horiek udalaren webgunearen bidez eskatzeko, "laguntza horien online kudeaketa hobetzen jarraitzeko aukera bat da, 2020an egindako tramitazioan metatutako esperientzia erreferentziatzat hartuta", azaldu du Gizarte Ekintzako zinegotzi Iñigo Zubizarretak.

Gainera, zehaztu duenez, online formatuarekin "herritarrekiko harremana hobetzen eta errazten laguntzen ari gara, arinagoa, eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin, bai eta COVID-19aren harira ezarritako osasun-gomendioak betetzen ere".

Izapide telematikoei dagokienez, Udalak herritar guztiei irekitako zerbitzu honek dituen abantailak nabarmendu ditu, ez baita beharrezkoa sinadura elektronikoa edo erabiltzailea eta pasahitza erabiltzea. Hala ere, Gizarte Ekintzako Sailak, hartzaileen kolektiboan egon daitezkeen zailtasun teknologikoez jabetuta, jakinarazi du beste baliabide batzuk jarriko dituela izapideak online egiteko zailtasunak dituzten pertsonei telefonoz laguntzeko, baita aurrez aurreko arretarako hitzordua ere, bestelako izapidetze-modurik egin ezin denean.

EUSKO JAURLARITZAREN IRIZPIDEAK

Laguntza horiek emateak lotura zuzena du Eusko Jaurlaritzak ezarritako jarraibideekin; aurten 8 milioi euro jarri ditu Bizkaiko hiriburuarentzat.

Hauek dira Gizarte Larrialdiko Laguntzak emateko kontzeptuak:

  • Alokairua (Etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen ez dutenentzat), elkarrekiko alokairua, azpialokairua, pentsioa edo apopilotza, baldin eta babes ofizialeko etxebizitza batean bizi ez bada eskatzailea.
  • Etxebizitzaz edo ohiko bizitokiaz baliatzeko eta zaintzeko gastuak (ura, estolderia, OHZa).
  • Energia gastuak (hornidura elektrikoa eta gasa).
  • Bizigarritasunerako (edo konponketak egiteko) eta oinarrizko ekipamenduetarako gastuak.
  • Lehenengo beharrizanetarako gastuak, Osasun Publikoko Zerbitzuak bere gain hartzen ez baditu (optika, odontologia eta antzekoak).
  • Aurreko kasu horietan aldez aurretik zorpetzea dakarten gastuak, nahiz eta muga batzuekin, zenbatekoei dagokienez.

ONURADUNEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

Bestalde, hartzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte:

  • Bilboko Udalean egon behar dute erroldatuta eskaera egiten duten unean, eta, gutxienez, 6 hilabeteko antzinatasuna izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Bizikidetza-unitate beregaina eratu behar dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  • Adin nagusikoa izatea, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  • Ez edukitzea nahikoa baliabide.
  • Ez izatea Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren onuradun, salbu eta oinarrizko beharrizanetarako Gizarte Larrialdiko Laguntzak eskatu behar diren kasuan.

Onuradunek laguntza horien kontzeptuan jaso ditzaketen zenbatekoei dagokienez, Bilboko Udalak eutsi egin die 2021eko ekitaldirako gehieneko zenbatekoei. Espediente bati gehienez 2.000 euro esleituko zaizkio. Kopuru hori gainditu ahal izango da salbuespenezko egoeretan, baldin eta behar diren txostenen bidez justifikatzen bada beharrezkoa dela.

Gizarte Larrialdiko Laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzeko, beharrezkoa da urteko diru-sarrerak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta baino 1,5 bider txikiagoak izatea, hau da, urteko 13.668 euro, bizikidetza-unitatea orokorra pertsona bakarrak osatzen duen kasuetan; 17.551 bi pertsona badira, edo 19.415 euro, hiru pertsonak edo gehiagok eratzen badute.

Pentsiodunen bizikidetza-unitateen kasuan, GLL jaso ahal izateko gehieneko diru-sarrerak 15.682 euro izango dira, bizikidetza-unitatea kide bakarrekoa bada; 19.603,44 euro bi kiderentzat, eta 21.171 euro, bizikidetza-unitatea hiru kidek edo gehiagok osatua bada.

Ildo horretan, Udalak ohartarazi du informazio gehiago behar duten pertsonak beren egoitza-barrutiaren arabera dagokien Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin harremanetan jar daitezkeela.

2020KO BALANTZEA

2020ko uztailean iragarri zen bezala, Eusko Jaurlaritzak 8,4 milioi euro eman zizkion Udalari, uriko pertsona kalteberen artean banatzeko, GLL gisa. Ekitaldi horri zegokion urteko zenbatekoari, 5 milioi euro, beste 3,4 milioi euro gehitu zitzaizkion, covid-19ak sortutako beste behar batzuei aurre egiteko.

2020an, pandemiak markatutako urtean, Bilboko Udalak adierazi du Gizarte Larrialdietarako Laguntzen kopurua beste ekitaldi batzuetakoa bezalakoa izan zela: 5.869 laguntza eman ziren, eta 2019an, berriz, 5.813.

Guztira, 6.412 laguntza-eskaera izapidetu ziren arreta-modalitate desberdinen bidez, eta, azkenik, familia-unitateei ordaindutako laguntzak 5.869 izan ziren, 13.521 kidek osatutakoak.

Aurrekoetan bezala, urtearen hasieran, jendaurreko arreta orokorrari ekin zitzaion, eta antolaketa-arrazoiak zirela medio, Gizarte Larrialdiko Laguntzak jaso zituzten eta aurreko ekitaldian justifikatu zituzten pertsonei deitu zitzaien lehenik eta behin.

65 urtetik gorakoei dagokienez, urtarrilaren 22tik otsailaren 28ra bitartean deitu ziren, eta adin horretatik beherakoei, 2.605 hitzordu martxoaren 9tik ekainaren 9ra bitartean esleitu zitzaizkien. Aldi horretan, COVID-19aren eraginez etxean konfinatuta egon ginenez gero, martxoaren 15etik, tramitazioa telefonoz egin zen, eta 2.459 eskaera izapidetu ziren.

Uztailaren 23tik aurrera, online prozedurari ekin zitzaion udalaren webgunearen bidez. Horixe izan zen lehentasunezkotzat jo zen izapidetze-sistema, 2020aren ondorioz ezarritako osasun-jarraibideak betetzeko; horrela, eskatzaile kopuru handia biltzea ekidin zen eta itxarote-zerrendak murriztu ahal izan ziren.

Udalak 6,3 milioi euro bideratu zituen laguntza horietara. Laguntza bakoitzaren batez besteko esleipenari dagokionez, handiagoa izan zen beste urte batzuekin alderatuta (1.091 euro); 2019an, aldiz, 885,69 euro; 2018an, 873,30 euro; eta 2017an, 830,24 euro.

Kontzeptuen araberako prestazioen banaketari dagokionez, azken urteotako bilakaera eta premien araberako gastuak berdintsu jarraitzen dute. Gizarte Larrialdietako Dirulaguntzen jasotzaile gehienak etxean sortzen diren fakturak ordaintzeko erabiltzen dituzte udalaren ekarpenak. Dirulaguntzak erabiltzeko kontzeptuen artean, nabarmentzekoak dira etxean sortutako gastuak, hala nola argia eta gasa eta etxebizitzaren mantentze-lanak, bai eta lehen mailako premia pertsonaletatik sortutako ordainketak ere, hala nola dentistarenak eta betaurrekoenak.

Elikadura izan da baliabiderik ez duten Bizkaiko hiriburuko pertsonek gehien eskatu duten beharretako bat, eta, horregatik, Udalak, konfinamendu betean, "Txartel solidarioen" ekimena jarri zuen abian, Eusko Jaurlaritzak emandako salbuespenezko funtsaren kargura. Guztira, apiriletik ekainera bitartean, 2,1 milioi euroko balioa zuten elikagai-bonu horiek 4.489 familiaren artean banatu ziren (9.572 pertsona), erosketa uriko supermerkatuen bidez egin zutenak.

LAGUNTZEN KONTROLA

Udala Gizarte Larrialdiko Laguntzen gastuaren justifikazioa kontrolatzeko prozedura txertatzen ari da. Ildo horretan, egoera horretan dauden pertsonei gutunak bidaltzen zaizkie urtean bitan, aurreko urteetako laguntza erreklamatzeko, justifikatu gabe badute. Gutun horretan, halaber, gogorarazten zaie betebeharra dela haiek justifikatzea, eta, justifikatu ezean, itzuli egin behar dela prestazio justifikatu gabea, errekerimendua egiten bazaie prestazio jaso eta ez justifikatua itzultzeko.