BILBO. Igande honetan, otsasilak 21, 12:00etatik aurrera, Euskalduna Jauregiak Bilboko udal musika bandaren kontzertu berri bat jasoko du. José R. Pascual-Vilaplanak zuzendutako bandak 'Sinfoniak' izeneko kontzertua eskainiko du, historiako hiru sinfonia garrantzitsuenetarikoaz osaturiko programa, alegia: "Sinfonia Concertante in B" "Norma" eta "Second Symphony op.44".

Ikuskizuna Franz Danzi alemaniar txelo-jotzaile eta konpositoreak idatzitako "Sinfonia Concertante in B flauta, klarinete eta Orkestrarentzat Op. 41" obrarekin hasiko da. Lana Karlshruhe-ko Gorteko Orkestrako musikarientzat idatzi zuen eta oraingo honetan, obrako bakarlariak Bilbao Musikako bi irakasle izango dira, Juanje Silguero flauta jotzen, eta J. Rafael Climent klarinetea jotzen. Horrez gain, obra haize-tresnen multzoari egokitzeko lana, halaber, bandako beste kide irakasle batek egin du, fagot-jotzaile bakarlari Jordi Ripollek.

Ikuskizuna opera-obertura batekin jarraituko da, Norma emakume apaizak Polión erromatar prokontsularen aldera zuen maitasuna eta jeloskortasuna kontatzen dituen Vincenzo Belliniren "Norma" tragedia lirikoarekin, alegia.

Eta, kontzertua amaitzeko, XX. mendeko laurogeiko hamar-urtekoan bandarako idatzitako sinfonia bat joko da: James Barnesen "Second Symphony op.44". Autorea oso pertsonaia esanguratsua da haize-tresnetarako jatorrizko musikan XX. mendeko atzenengo hamar-urtekoetan eta bere obra, Elegía, Varizioni Interrotte eta Finale mugimenduez osaturikoa, 1982ko otsailaren 28an estreinatu zuen Kansasko Unibertsitateko Bandak, Robert E. Foster maisuaren zuzendaritzapean.

Jarduna 12:00etan hasiko da eta sarrerak Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, web orrialdean, zein Kutxabankeko kutxazainetan eskura daitezke.

Ekitaldi honen ondoren Banda Euskalduna Jauregiko Auditoriora itzuliko da hilabete baten ostean, zehazki, martxoaren 21ean. Egun horretan eta "Banda oroitzapenak" lelopean, bandarekin batera Musikeneko ikasleak (Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia) jardungo dute eta bertako Konposizio Sailak idatzitako obra bat estreinatuko da. Halaber, Schmitten "Dionysiaques", Absilen "Rites" eta Dossen "Sinfonie der Freiheit" izenekoak ere joko dira.