BILBO. Martxan da dagoeneko uriko 10 eta 18 urte bitarteko gazteei sormena eta talentua garatzeko aukera ematen dien Harrapazank programa. Bilboko Udalak abiarazitako ekimen honek hamaseigarren edizioa ospatuko du aurten.

Programa hau Euskaltzaleen Topagunea, elkarlanean garatzen da, eta xedea du euskara sustatzea Bilboko gazteen artean, aisialdirako aukerak eskainiz, bestelakoak, erakargarriak eta haien gustuen araberakoak.

Aurten, egungo egoera sanitarioa dela-eta, programazioaren zatirik handiena telematikaren bidez gauzatuko da. Aurrez aurreko jarduerak ere aurreikusita daude, baina unean-unean indarrean diren edo gomendatzen diren prebentzio neurrien arabera egingo dira.

Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Topagune ordezkari Itxaso Paiarekin batera, Harrapazank ekimenaren aurtengo programazioaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur goizean; besteak beste, talentu lehiaketa, bideojoko lehiaketa eta online tailerren eskaintza oparoa.

PROGRAMAZIOA

  • ESZENA

Eszena talentu-lehiaketa bat da: Bilboko gazteek aukera izango dute arterako dituzten trebetasunak erakusteko, dela antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txiste kontaketan edo bestelako arlo batzuetan.

Lehiaketak bi kategoria ditu: Juniorra, 10 eta 13 urte bitartekoena, eta Seniorra, 14 eta 18 urte bitartekoena: parte hartzeko interesa dutenek bideo bat helarazi behar dute, 1 eta 10 minutu bitarteko bideoa, beren talentuaren erakustaldi bat eginez. Bideoa hona igo behar dute, harrapazank web gunera otsailaren 26a baino lehen. Jasotako bideo guztien artean, 25 onenak hautatuko dira, eta haien egileek online coach-en laguntza eta gida jasoko dute beren proposamenak hobetzeko. Tutoretza horiek martxoaren erdialdera hasiko dira, eta Aste Santuko eskola-oporrak baino lehen amaituko dira.

Prozesu horretan, hasierako 25 horien artean, 20 gazteren bideoak hautatuko dira: 10, kategoria bakoitzeko, eta azken fasean parte hartuko dute. Era horretan, egoera sanitarioak aukera ematen badu, aurreikusita dago azken galak maiatzaren 28an eta 39an ospatzea (barikua eta zapatua) Bilborock aretoan, eta, han, bina bonu entregatuko dira, 500 eurokoak (bana kategoriako), Elkarren, El Corte Inglés-en, FNAC-en eta/edo Decathlon-en gastatzeko.

  • T(R)AILERRAK

Harrapazank programan bada T(r)ailerrak izeneko atal bat, non 23 tailer eskainiko baitira online Harrapazank web orriaren bidez, otsailean eta martxoan zehar, asteartero. Ez da beharrezkoa izena aldez aurretik ematea.

Tailerrak 3 modalitatetan daude banatuta: eskulanak, musika (gitarra jotzen ikasteko tutorialak) eta gorputz mugimendua (gorputz ariketak, etxean egiteko).

Astean 3 saio eskainiko dira, 3 eta 10 minutu bitartekoak, eta asmoa da edukia erakargarria eta gazteek kontsumitzeko erraza izatea.

  • KLIKAZANK

Klikazank bideo-jokoen lehiaketa bat da, non Bilboko gazteek eskura izango baitituzte bideojokoak euskaraz, elkarrekin jolasteko online. Lehiaketaren helburua da euskararen erabilera sustatzea gazteen ingurune digitalean.

Interesdunek banan-banan eman beharko dute izena Harrapazank web gunean eta Harrapazank programaren arduradunak harremanetan jarriko dira haiekin, eta haiek elkarren artean jolastu ahal izango dute sarean. Lehiaketa apirilean gauzatuko da, eta punturik gehien lortzen duena finalera igaroko da, eta apirilaren 30ean jokatuko da; zuzenean emango da Harrapazank-en webgunearen bidez.

Lehen geratzen denak 100 euroko bonu bat irabaziko du, bideojokoen online dendetan gastatzeko. Bigarren geratzen denak 50 euroko bonu bat irabaziko du, eta bideojokoen online dendetan kontsumitu beharko du hark ere.

  • HARRAPAZANK KALEAN

Harrapazank-ek, gainera, badu aire libreko jardueren eskaintza bat ere, egoera sanitarioak aukera emanez gero gauzatuko duena, eta, aukera emanez gero ere, egoera jakin horretan ahal den moduan.

Maiatzeko asteburu guztietan hainbat jarduera eskaiiniko dira goiz eta arratsaldez. Hauen artean graffiti tailerren aukera egongo da, baita Parkean Party izeneko zirkuitu dibertigarriena ere. Gainera, maiatzaren 22an Harrapazank jaia ospatuko da, non jolasak, opariak eta erronkak egongo diren. Aurreikusita dago, egoera sanitarioak uzten badu, ekintza hauek Bilboko hainbat espaziotan egitea.

Jarduera horietan, gehienezko jende kopurua mugatuta egongo da, eta parte hartzeko, email bat igorri behar da harrapazank webgunean izena emanez, gaurtik, otsailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean