2022an

Zorrotzaurrek plaza berria izango du datorren urtean

23.01.2021 | 04:00
Zorrotzaurreko Beta 1 eta Beta 2 eraikinen artean dagoen plaza urbanizatuko dute.

BILBO. Bilboko Udalak 1.628.189ko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe, Zorrotzaurreko Erriberako Beta 1 eta Beta 2 eraikinen sarbidea den plaza urbanizatzeko obrak egiteko. Horrez gain, eraikinetan traukateka geotermikoko sistema bat jarriko da. Lanak zortzi hilabete irautea espero da.

Egingo diren lanak bi arlotan sailkatzen dira. Lehena, errazena, Beta 2 eraikinaren ekialdean egingo da (sarbidea Olagorta kalean daukana), eta aparkaleku bat jarriko da bertan. Jarduketa honetan, orain dagoen zorua fresatu eta asfaltatuko da, eta argiak eta seinaleak ipini.

Beta 2 eraikinaren beste aldean, mendebaldean (sarbidea Zorrotzaurreko Erriberan egonik), egingo da esku-hartzerik handiena. Urbanizatuko den espazio honek oinezkoen ibilbide bat dauka, Beta 1erako eta Beta 2rako sarbidea eskaintzen duena, baita Zorrotzaurreko Erriberako 6.eko etxebizitza-eraikinaren atzealderako ere.

Esan behar dugu lur-zati hau 2. egikaritze-unitatean dagoela (oraindik garatu barik dagoena), Zorrotzaurreko Plan Bereziaren barruan. Horrenbestez, hirigintza aldetik eta hidrologia eta drainatze aldetik ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu proiektuak.

PLAZAREN URBANIZAZIOA

Hiri-altzari guztiak plaza honetarako beren-beregi pentsatu dira, eta jendea egoteko modukoak izango dira. Izaera ezberdinetako espazioak eskainiko dira, irakaskuntzako eta etxebizitzetako eraikinak nahastuta dauden ingurune honen beharrizanak uztartzeko moduan.

Zedro gorrizko bankuak, jardinera integratua daukatenak; banku zirkularrak, txorkoa integratuta daukatenak; zedrozko hamakak, zenbait zabaleratakoak; eserleku jarraituko erdiko bankuak edo etzaulki jarraituak... plazan egongo diren altzarietako batzuk dira. Gainera, aurretik dagoen garabia mantendu egingo da, ingurunearen historia industrialaren oroigarri.

Bankuetako batzuk (jardinera adosatua daukatenak) metalezko markesinaz estalitako zona batean ipiniko dira. Erdiko bankuak, etzaulki jarraitua eta banku zirkularrak, ordea, banbuzko kanpo-tarima termotratatu batzuetan txertatuko dira.

Argiztapena zenbait elementuren bidez eskainiko da: hainbat makurdura eta altuera dituzten zutabeak, led jarraituak etzaulkien azpian, markesinan txertatutako argiztapena, eta Beta 2 eraikinaren fatxadari adosatutako proiektoreak.

Zoruak, berriz, soluzio podotaktilak edukiko ditu eskaileretako eta arrapalako sarbideetan. Euri-uren sarea diseinatzerakoan, zoladura dranatzaile bat erabiiliko da, oinarri iragazgaitz baten gainean jarrita. Soluzio horri esker, mareagora oso bizietan, urak ez du hartuko plazaren beheko aldea. Zehazki, biltzen den ura itsasadarrera isuriko da, Deustuibarraren ondoan egingo den 300 mm-ko hodi baten bidez. Gainera, ura itsasadarrera isuri behar ez denean bildu ahal izateko, zoladurari ura atxikitzeko gaitasuna emango zaio, haren azpian polipropilenozko gelaxka batzuk ipiniz. Ura atxikitzeko biltegi bat eraikiko da, polipropilenozko "kutxak" pilatuz; kutxa horiek geo-sare iragazgaitz batekin iragazgaiztuko dira.

GEOTERMIA

Geotermia energia berriztagarriko iturri bat da; lurpean dago, bero forman gordea. Energia berriztagarriko beste iturri batzuen jatorria eguzki-erradiazioa da; geotermia, berriz, lurraren barruko berotik dator.

Zorrotzaurreko uhartearen eremu honetan, energia kaptatzeko modu honen aldeko apustua egiten da, beste energia mota batzuen aldean hainbat abantaila dakartzalako:

  • Kutsadura maila txikiak sortzen ditu.
  • Ekoizpen-kostuak txikiagoak dira.
  • Autonomia handiagoa ematen du beste energia-iturri batzuen aldean.

Geotermia-sistema honek batik bat Beta 2 eraikinari emango dio zerbitzua. Sistema hau ezartzeko, 150 metroko sakonerako zenbait zundaketa egingo dira, hondoan mailuarekin errotoperkusioa erabiliz.

Zulaketak bertikalak izango dira, bata bestetik 7 metrora. Zangak itxi aurretik, hidraulikako, fluxuetako eta estankotasuneko probak egingo dira.

Duela gutxi eraitsi den Zamakona ontziola zaharraren industria-pabiloiaren lur-zatiaren zati bat hartuko dute geotermiako putzuek. Hasiera batean Beta 2 eraikinari emango diote zerbitzua; halere, Udalak ez du baztertzen aurrerago Beta 1 eraikinak eta plazaren inguruko etxebizitza-eraikinek sistemarekin bat egin ahal izatea, hala nahi badute.

noticias de deia