BILBO. Gaur goizean, abenduak 31, 585,5 milioi euroko aurrekontua onartu egin du Bilboko Udalak 2021erako, Aurrekontuen Ezohiko Osoko Bilkuran. Aurrekontu hori bihar bertan jarriko da indarrean, urte berriaren hasierarekin batean, eta iaz baino 9,2 milioi gehiago izango ditu, hau da, historiako handiena.

2021eko aurrekontuak lehentasunezko helburu hauek jasotzen ditu: birusaren ondorioei aurre egitea, sektore ekonomiko kaltetuenetan eta pertsona ahulenetan jardunez; osasuna eta ekonomia babestea, betiere pertsonak eta haien ongizatea, zerbitzu publikoak eta enplegua izanik udal-politiken erdigunean; eta auzoak eta hiriarentzat estrategikoak diren beste proiektu batzuk sustatzen jarraitzea.

Aurrekontu berriak auzoetako jarduerak 39,5 milioi euroraino handitzen ditu (aurten baino 1,8 milioi euro gehiago), baita 84,1 milioi euroko udal-inbertsio publikoa ere (2020an baino 1,4 milioi euro gehiago), 40 hiri-proiektu ingururi eta herritarrek aurkeztutako 11 proposameni ekiteko. Oinarrizko zerbitzu publikoek (argiteria, zaborra, saneamendua) 266 milioi euro (5 milioi euro gehiago) izango dituzte, eta #BilbaoAurrera2021 plan berri batean lan egingo da. Beste urte batez, zero zorra lehenetsi da berriro, kontu onbideratu batzuekin, zeinetan ez baita aurreikusten kanpoko kreditu-eragiketarik udalaren gastu eta inbertsioen planari aurre egiteko.

Eztabaidaren eta negoziazioaren ondorioz, oposizioko talde politiko guztiek egindako 932.000 euroko zuzenketak ere sartu dira, hau da, iaz baino % 19,56 gehiago.

PROIEKTU ILUSIONAGARRIAK

Gaurko ezohiko bilkuran, aurkeztutako alegazioak atzera bota ondoren, Bilborako 2021eko aurrekontua behin betiko onartzeko azken bozketa egin da.

Alkateak, ixteko hitzaldian, Udalbatza osoa zoriondu du "azken hilabeteetan kontu egokiak lortzeko egindako lanagatik, zaila izango den urte baterako, pandemiaren azken hilabeteetako zamarekin datorrelako, covid-19ren ziurgabetasuna dela eta. Aurrekontu errealista da, krisiari aurre egiteko sostengua eta laguntza ematen duena, baina baita irteera-lerroan jarriko gaituzten proiektu ilusionagarriak ere badituena, birusa pasako delako eta prest egon beharko dugu".