BILBO. Gaur, abenduak 28, astelehena, Bilboko Udalak martxan jarri ditu uriko 3 eta 17 urte bitarteko adingabeei bideratutako Gabongune, Gabonkide eta Gaztekluba programak. Guztira 2.500 plaza eskainiko dira, klaserik ez dagoen egun hauetan aisialdi-aukerak izan ditzaten.

Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Errotetak Basurtuko Udaltegia bisitatu du gaur goizean. Gabongune programa egiten ari diren instalazioetako bat da hori. Errotetak zenbait jarduera egin ditu 6 eta 8 urte bitarteko adingabeekin batera, Frida Kahlori buruzko horma-irudi bat eta gozo-eltze bat sortzea, besteak beste.

Bilboko Udalak haur eta gazteentzako Gabonetako udalaren aisia-programak egiten jarraitzeko konpromisoa duela nabarmendu du Itxaso Errotetak: «2020. urtea ez da batere erraza izaten ari helduentzat, ezta txikientzat ere, horregatik, aurten, inoiz baino gehiago, Gabonetan ere egon nahi genuen haurren eta gazteen ondoan, harreman eta aisiarako eremu seguruak eskaintzeko, adinkideekin batera jostatzen diren bitartean ikas dezaten».

Errotetak esan duenez, «familien ondoan ere egon nahi dugu, horrelako programak Bilboko familia askorentzat kontziliazio-aukera bat direla badakigu-eta». Zinegotziak esandakoaren arabera, «programetako plazen %82a bete dira, familiek ekimen horretan jarritako konfiantzaren adierazle».

Urtero bezala, Udalbatzak Gabongune eta Gabonkide jarri ditu abian. Programa horiek 3 eta 11 urte bitarteko umeentzako askotariko jarduerak hartzen dituzte barnean, gaurtik (astelehena, abenduaren 28a) urtarrilaren 8ra arte, barruti hauetako udal-zentroetan: Abusu, Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Abando, Irala, Basurtu eta Zorrotza.

Udalbatza 12 eta 17 urte bitarteko gazteez ere arduratuko da Gaztekluba programaren bitartez. Horren barruko jardueren artean daude itsasadarrean zeharreko pasealdiak, txangoak eta bisita gidatuak, bai eta askotariko ikastaroak ere (skatea, robotika eta errealitate birtuala); oraingoan, gaurtik urtarrilaren 9ra arteko iraupena izango du programak.

Gainera, Udalak, Bilbao Kirolaken bitartez, «Gabonetan primeran kirola eginez» programa ere sartu du Gabonetako eskaintzan. 6 eta 13 urte bitarteko adigabeentzako aisia osasungarriko proposamen hau abenduaren 21ean hasi zen, eta urtarrilaren 5era arte iraungo du. «Gabonetan primeran kirola eginez» programa Txurdinaga, Deustu eta San Inazioko udal-kiroldegietan egingo dute.

#BILBAOGABONAK

#BilbaoGabonak ekimenaren barruan daude programa horiek. Udalaren ekimen horrek asteak daramatza hiria betetzen familia osoarentzat eta zaletasun guztiei erantzunez pentsaturiko kalitatezko proposamen ugariz.

Osasun-agintariek ezarritako segurtasun-protokolo guztiei jarraikiz egiten dira beti #BilbaoGabonak ekimenaren jarduera guztiak, eta zorrotz ezarri eta betetzen dira kultura- eta jai-ekitaldiak egiteko adierazitako gomendioak, bai eta osasun publikoa bermatzeko beharrezko diren mugak ere. Bete egiten dira, halaber, bai aire zabaleko jarduerak bai ekitaldi jendetsuak egiteko eremu publikoko edukierei buruzko protokoloak ere.