BILBO. Loreekin egindako konposizio batek Casilda Iturrizar parkearen mendeurrena omenduko du. 1920. urtean eraiki zen parkeak ehun urte beteko ditu denbora gutxi barru.

Arte Ederren Museoaren inguruan dagoen parterre batean dago, eta bi tonutako cyclamen arrosaz egin da lore-konposizioa.

Gaur egungo Casilda Iturrizar parkearen hasierako proiektua, Ricardo Bastida udal arkitektoak eta Juan de Eguiraun nekazaritza ingeniariak egina, 1907an onartu zen eta 1912 eta 1920 bitartean eraiki zen. Estilo erromantikoa du eta 115.200 metro koadroko azalera du gaur egun, Abandoibarrako garapenaren ondorioz azken zabalkuntza egin ondoren. Gainera, uriko parkerik ugariena da zuhaitz-barietateari dagokionez, 71 espezie desberdinetako 885 zuhaitzekin.

Hasieran, Zabalguneko Parkea esaten zitzaion, zabalguneko garapenarekin batera egin baitzen. 1945ean hartu zuen gaur egungo izena. Hasierako proiektuari gerora egin ziren berrikuntza eta aldaketak gehitu zitzaizkion, hala nola Pedro Guimon eta Pedro Ispizuaren pergola, Arte Ederren Museoa edo lurrazpiko aparkaleku bat, adibidez.

BILBOBUSEKO EGUTEGI BEREZIA

Bestalde, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak jakinarazi nahi izan du abenduaren 24an (osteguna), Bilbobusen linea guztien azken irteerak 20:00etatik 20:30era bitartean egingo direla eta tarte horretan, astegunetako ohiko ordutegia izango dela. Abenduaren 25ean (ostirala), lehenengo irteerak 09:00etan hasiko dira.

Informazio gehiago geralekuetan, udalaren web-orrian, sare sozial ofizialetan eta 010 telefonoan (944 010 010).

Bestalde, Artxandako Funikularrak, abenduaren 24an, 21:00etan egingo du bere azken zerbitzua. Biharamunean, abenduaren 25ean, zerbitzua 9:15etik 14:30era eta 16:30etik 22:00etara emango da.