BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu ostalaritzaren sektorean. Hori dela eta, Bilboko Udalak zuzeneko laguntzak eskainiko ditu. Hala, datorren asteazkeneko goizeko 10:00etatik aurrera, abenduak 23, uriko ostalariek laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte. Epea urtarrilaren 31n amaituko da.

Udalak laguntza horiek emateko onetsi duen aurrekontua, Juan Mari Aburto Alkateak proposatu eta udal talde guztiekin eta sektorearekin berarekin adostua, 3,3 milioi euro da, guztira. Zenbateko hori gehitu behar zaie, ezohiko neurri gisa, #BilbaoAurrera2020 Planeko 15 milioi euroei; plan hori, jakina denez, urian pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko talka-programa izan da.

Gogorarazi beharrekoa da ostalaritzako sektorearentzako zuzeneko laguntzen programa hau abian jarri dela berez Udalarena ez den arlo baterako, eta xedea dela sektoreak aurre egin beharreko zailtasun ezohikoaren egoeran laguntzea.

MEKANISMO ERRAZ ETA TELEMATIKOA

Laguntzak izapidetzea ahalik eta errazen gerta dadin, Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, datu base erraz batzuk sortu ditu eskabideak aurkezteko, eta sarbide telematikoa, webgune honetan, abenduaren 23an jarriko da abian, goizeko 10:00etatik aurrera. Udaleko arduradunen arabera, "xedea da egoera jasan duten profesionalek aukera izatea laguntzak erraz eskuratzeko eta lasaitasuna izan dezatela eskaera garaiz egiteko."

Udalak egindako azterlanen arabera, kalkulatzen da Bilbon 2.800 establezimendu izan litezkeela laguntzetarako deialdi honen onuradun, "eta, beraz, guztiek izango dutela aukera haietarako, aurrekontu arazorik gabe eta epearen larritasunik gabe".

NORENTZAT DIREN LAGUNTZAK

Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Bilboko pertsona fisikoek (autonomo eta/edo profesionalek, ondasun erkidegoetako eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibiletako bazkideek) edo pertsona juridikoek, ostalaritzaren eta jatetxeen sektorekoak badira, eta baita ere ostatatzeen arlokoek eta catering enpresek.

Zehazki, jatetxeen arloko establezimenduek (jatetxe, taberna, kafetegi eta antzeko establezimenduak, beren jarduera establezimendu finko eta jende guztiari irekietan gauzatzen badute, eta lokalean bertan kontsumitzeko janariak eta edariak eskaintzen jarduten badira ohikotasunez eta profesional moduan), eta baita ere ostatatzeek eta catering enpresek. Diskotekak eta dantzalekuak ere sartu dira onuradun izan daitezkeenen artean.

Ez dira sartu, ordea, turismo erabilerako etxeak eta janariak eta edariak etxez etxe banatzen jarduten diren enpresak.

LAGUNTZEN ZENBATEKOAK: 1.000 €tik 1.500 €ra

Emango den zenbatekoa establezimenduan lan egiten duten pertsonen arabera da:

  • 1-3 langile bitartean dauzkaten establezimenduak: 1.000 euro.
  • 4-10 langile artean dauzkaten establezimenduak: 1.250 euro.
  • 10 langile baino gehiago dauzkaten establezimenduak: 1.500 euro.

Bilbon establezimendu bat baino gehiago edukiz gero, lokal bakoitzerako laguntza bat eskatu ahal izango da. Horrez gain, laguntzok bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek eta/edo entitate pribatu batzuek ematen dituztenekin.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzak gehituz gero, hauek izango lirateke zenbatekoak:

  • 1-3 langile artean: 3. 000 € -Eusko Jaurlaritzarenak (+ 1.000 Bilboko Udalarenak) = Guztira, 4.000 euro.
  • 4-10 langile artean: 3.500 € Eusko Jaurlaritzarenak (+ 1.250 € Bilboko Udalarenak) = Guztira, 4.750 euro.
  • 10 langile baino gehiagokoak: 4.000 € Eusko Jaurlaritzarenak (+ 1.500 € Bilboko Udalarenak) = Guztira, 5.500 euro.