BILBO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak errespetatuz, 'Gabonart' Bilboko Gabonetako artisautza azokari hasiera eman zaio gaur goizean, abenduak 16. Arbaso elkarteak antolatutako azoka Areatzako pasalekuan dago kokatuta.

Pandemiak ekarri dituen zailtasunak zailtasun, Azoka gaur hasi eta urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, "erronka zaila, inondik ere, baina beharrezkoa, artisautzaren sektorea bereziki kaltetu du-eta birusak".

Inaugurazio ekitaldian Amaia Arregi Bilboko Udaleko lehen alkateordea izan da, eta baita ere Arbaso elkarteko presidentea, Bernat Vidal, eta haiekin batera Udaleko lurralde-arduradun batzuk eta zenbait zinegotzi.

Udalaren babesaren erakusgarri, Amaia Arregik eskerrak eman dizkie lehenik, egin duten lan handiagatik eta hartu duten konpromisoagatik, haiei esker, azoka, "Uriko klasiko bat, ostera ere gure artean egongo dela covid-19aren pandemiak hilabete batzuetatik hona krisi sanitario, ekonomiko eta sozial batera bultzatu gaituelarik. Krisi hau desberdina da orain arte ezagutu dugun guztiaren aldean, eta sektore batzuei besteei baino era larriagoan eragin die, hala nola artisautzari".

Azokaren edizio berri hau abian jarrita, "Gabonetan gurekin egongo diren profesionalek lagundu egingo digute birusaren zigorradei aurre egiten, kultura, edertasuna eta kalitatez egindako lan onak eskainiz". Udalaren ordezkariak berretsi egin du Bilboko Udalak sektoreari ematen dion laguntza, eta herritarrak animatu ditu artisautza erostera, "bertako produktua erostera, gertuen daukaguna, batez ere, eskuekin egindako produktua".

BERRIKUNTZAK

Aurten, ia hogeita hamar artisau izango dira, eta Bizkaikoak izango dira asko eta asko (18).

Sektoreka, gremio nagusiak hauek izango dira: bitxigintza eta jostailugintza, ehungintza, zura eta larrua, eta, gainera, beiragintza, lurringintza, imitaziozko bitxiak, zeramika eta lore lehorrak.

ORDUTEGIA

  • Goizez, 11:00etatik 14:30era / Arratsaldez, 17:00etatik 21:00era.
  • Abenduaren 24an eta 31n: Goizez, 11:00etatik 15:00etara.
  • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, itxita.