BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragiten hari den kalteak gutxitzeko asmoz, Bilboko Udalak covid-19 agente izateko formazioa eskaini die 11 herrialdetako 27 pertsonari, Saharaz hegoaldekoak eta Magrebekoak, konkretuki.

Urrian eta azaroan zehar, lehendik Emakumea, Osasuna eta Indarkeria udal Programaren barruan osasun agente, ahalduntze agente edo berdintasun agentearen formazioa bazuten pertsonak formazio berezitua hartzen izan dira, osasun publikoan aditua eta Auzolan Modulu Psikosozialeko taldekoa den erizain batek emanda.

Hala, Udalak estrategikoki eman die formazioa 27 etorkini, Sahara, Mauritania, Maroko, Ginea Conakry, Nigeria, Ginea Bissau, Senegal, Kongo, Mali, Kamerun eta Espainiatik etorriei.

MEZUA KOMUNITATEEN ARTEAN ZABALTZEA

Formazio horretan aurkeztutako gaiak covid-19ari aurre egiteko neurri berariazkoen inguruan dira, eta baita ere mitoak eta uste faltsuak desegiteko, zalantzak argitzeko eta nola kutsatzen den jakiteko, gero prebentzio neurri guztiak aditu ahal izateko.

Udalaren helburu nagusia da, ekimen honen bidez, covid-19 agenteek informazioa ikastea eta euren komunitateetan zabaltzea, erakundeontzat zaila baita haietara iristea.

Hala, biderkatu egin da eragina, eta lortu da kontinente guztietako 703 pertsonarengana iristea: 285 gizonak dira eta 418 emakumeak, eta haien batez besteko adina 34 urte.

Agente berriek aitortzen dute informazioa zabaldu deneko sozializazio-eremuak askotarikoak direla: ikasgelak, elkarteak, lanpostuak, haien auzoak, auzotarrak eta kaleko ezezagunak ere bai.

Komunitate-ekimen honi buruz, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak azaldu duenez: "formazioa jaso duten pertsonek aurre egin diote biztanle multzo batzuen artean edo kutsatzeari beldur oso handia dioten pertsonen artean izaten den desinformazioari eta nahasmenduari, eta mezuak zabaldu dituzte adieraziz nola erabili behar den ondo maskara, nola gorde behar den segurtasun tartea eta garbitu behar diren eskuak, zertzuk diren bakartzeko neurriak, eritasuna zabaltzeko bideak, zer garrantzi daukan prebentzio goiztiarrak, zer den osasun txartela, eta abar."