BILBO. Bilbotarren bizi-kalitatea handitzeko helburuarekin, Bilboko Udalak aisialdirako beste gune estali bat eraikiko du, oraingo honetan Elorrieta auzoko Carmelo Larrea parkean.

Barruan, haurrentzako jolas-parke bat eta erabilera anitzeko eremu bat egongo dira, hainbat jarduera egiteko. Adin guztietako bizilagunentzako topagunea izango da, dinamikoa eta erabilera desberdinetarako pentsatua.

Jarduera honekin, plazak San Ignazio-Elorrieta auzoaren bihotz gisa duen garrantzia nabarmenduko du eta, gainera, estalkiak hiri-eremuaz gozatzeko aukera emango du, eguraldia gorabehera.

Instalazio berria plazaren erdian kokatuko da, eta hiru eremu izango ditu, modu independentean edo batuta funtzionatzeko aukerarekin. Horretarako, 4 ate zabukari eta 4 ate lerragarri jarriko dira, espazioen erabilera eta batuketa ahalbidetzeko eta espazioaren konfigurazio desberdinak lortzeko.

Hauek dira gune nagusiak:

  • Erabilera anitzeko eremu bat, 225 metro karratukoa, auzoko jardueretarako, soinuaren eta wifiaren aurreinstalazioarekin, ikus-entzunezko beharrak dituzten ekitaldiak hartzeko. Egoteko altzariak izango ditu.
  • 320 metro koadroko eremu estali bat, haurrentzako jolasekin, estalkiaren egiturarekin jolasteko modukoak (sokak, sareak, etab.) eta itsasoa simulatzen duen kautxuzko zoladurarekin. Haurrak zaintzen dituzten pertsonak egoteko altzariak egongo dira.
  • Tarteko patio ireki bat, bi zonen artean, landaretza eta hiri-altzariak dituena, erabilera anitzeko zona eta umeena lotzea ahalbidetzen duena.

Estalkia kontralaminatutako egurrezkoa izango da, izei motakoa, eta bi akabera izango ditu estalkiaren itxituran: opakoa eta gardena.

Proiektuak erabat errespetatzen du egungo ingurunea. Oinezkoentzako pasaguneak mantendu egingo dira, goiko parterra moztu egingo da, erdikoak kendu (estalkiak okupatuko dituelako), eta behekoa lekuz aldatuko da, bidegorria bezala, trazadura berrira egokitzeko. Estalkiko irteerekin bat egiten duen eremuan, dagoen plaza mantenduko da. Estalkiaren inguruan pasealeku bat egongo da, gutxienez 3 metroko zabalerakoa.

Lanek 850.000 euroko inbertsioa ekarriko dute eta sei hilabeteko epean gauzatuko dira.

AUZOKIDE PLANA

Elorrietako eremu estali berriaren obrak Auzokide Planaren barruan sartzen dira, hiriko auzoak hobetzeko sortua. Herritarrek parte hartzeko Bilboko Udalak duen tresna garrantzitsuenetako bat da plan hau.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean: 1,5 milioi euro barruti eta urte bakoitzeko.