BILBO. Asteartean goizean ospatutako ezohiko udalbatzarran, Bilboko Udalak onartu egin du 2021erako aurrekontuen proiektua. Koronabirusaren pandemiak eragindako beharrek eragin handia izan dute kontuetan. Oraingo honetan 585,5 milioi eurokoa izango da aurrekontua, 2020an baino 9,2 milioi euro gehiago, hau da, % 1,6 gehiago. Koronabirusaren krisiak sortutako larrialdi sanitario, ekonomiko eta sozialak asetzea dute helburu.

Ildo horretan, 2021erako Udal Aurrekontuen Proiektuak lehentasunezko helburutzat jo du pandemiaren ondorioei aurre egitea, sektore ekonomiko kaltetuenei eta pertsona ahulenei arreta berezia emanez; osasuna eta ekonomia babestea, betiere pertsonak eta haien ongizatea, zerbitzu publikoak eta enplegua udal politiken ardatzean jarriz; eta auzoak zein hiri mailako beste proiektu estrategiko batzuk sustatzen jarraitzea.

Xede horiei begira, aurrekontu berriak, auzoetan gauzatu beharreko jarduerak areagotzea aurreikusi du, 39,5 milioi eurora igoz (aurten baino 1,8 milioi euro gehiago), eta 84,1 milioi euro bideratuko dizkio udal inbertsio publikoari (2020an baino 1,4 milioi euro gehiago), 40 bat hiri-proiektu eta herritarrek aurkeztutako 11 proposamen gauzatu ahal izateko. Oinarrizko zerbitzu publikoek (argiteria, zaborra, saneamendua) 266 milioi euro izango dituzte (5 milioi euro gehiago), eta #BilbaoAurrera2021 plan berria lantzen hasiko da.

Aurten ere, Bilboko Udalaren 2021erako aurrekontuek agerian utzi dute Udalaren finantza-egoera ona, zero zorraren aldeko apustuaren harira, izan ere, kontuak saneatuak dituenez, ez du kanpoko kreditu-eragiketarik aurreikusi udalaren gastu eta inbertsio planari aurre egin ahal izateko.

Astearte honetako eztabaida-saioaren buruan, oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota ostean onartu dira kontu berriak, eta Udal Gobernu Taldeak (EAJ/PNV eta PSE alderdiek osatuak) oposizioko talde guztiek aurkeztutako 24 zuzenketa partzial onartu ditu, guztira, 932.000 euroko guztizko balioa dutenak, aurreko urtean baino % 19,56 gehiago.

EH Bilduren 6 zuzenketa onartu dira, 400.000 euroko guztizko balioa dutenak (2020an baino % 19,4 gehiago), eta horietan zehaztutako jarduerek ikastetxeak mantendu, Haurguneak eta Kideguneak bultzatu eta bizikleten mugikortasuna sustatzea dute helburu, besteak beste. Elkarrekin Podemosen 9 zuzenketa ere onartu dira, 257.000 euroko balioa dutenak (aurreko urtean baino % 10,54 gehiago), Pobreziaren aurkako Plana eta ostatu emateko laguntzak indartzeko eta udal merkatuak suspertzeko plana zabaltzeko. Azkenik, PPren beste 9 zuzenketa onartu dira, 275.000 eurokoak (% 29,72 gehiago), enpresen sustapenari laguntzeko, Sabino Aranan komun publikoa jartzeko edota Bilboko museoen aberastasuna ezagutzera ematen lagunduko lukeen mapa lantzeko, besteak beste.

Azken irizpenak argi berdea eman die 2021eko ekitaldiko kontuei, eta gehiego osoz onartu da Gobernu Taldea osatzen duten EAJ/PNV eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, oposizioko talde politikoek aurkako botoa eman dutelarik.

Astearteko eztabaida eta onarpen saioaren ondoren, Aurrekontua behin-betiko onartzeko, beste Ezohiko Udalbatzar bat deituko da abenduan, nahitaezko tramitea baita, datorren urteko udal jarduna gidatuko duten kontu berriak urtarrilaren 1etik aurrera abian jarri ahal izateko.