BILBO. Eskola garraioko ibilgailuak kontrolatzeko kanpaina berezia abiaraziko du Bilboko Udaltzaingoak. Hala, azaroaren 30etik hasita eta 2021eko otsailera arte martxan egongo da Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoaren barruan antolatutako kanpaina hau.

Ekimenaren xedea da egiaztatzea nola garraiatzen diren ikasleak beren ikastetxeetara, ea Bilboko Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geldialdiak egokiak diren eta, gainera, garraio mota horretan jarduten diren ibilgailuak xeheki kontrolatzea.

BI IKUSKAPEN

Udaltzaingoak bi ikuskapen mota egingo ditu. Lehenengoan, hasierako administrazio kontrol bat egingo da, eduki beharreko baimen eta agiriak badaramatzaten egiaztatuz, bai ibilgailuei dagozkienak bai gidariei dagozkienak (gidatzeko baimena eta alkoholemia kontrola, besteak beste). Bigarrenean, arreta berezia jarriko zaie zerbitzu ematen duten autobusen ezaugarriei, ikasleen segurtasunik handiena bermatzearren.

Arau hausteren bat ikusiz gero, dagokion salaketa egingo da. Era berean, egiaztatuko da ibilbidea Bilbon duten eskola-autobusek betetzen ote dituzten Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geldialdiak.

Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak eskuratutako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira estatistikazko analisia egiteko, aldez aurretik horretarako ezarritako adierazle multzo bati egokituz. Izan ere, kasu honetan, kanpainak hurrengo urtera arte iraungo du, hau da, ibilgailuen azterketa osoa amaitu arte.

2019an, berriz, Udaltzaingoak hainbat ikastetxetako 39 autobusi egin zizkien kontrolak, eta ez zuen jarri salaketarik, eta horrek erakusten du urian eskola-garraioan dabiltzan ibilgailuak, oro har, egoera egokian daudela.