BILBO. Gaur goizean, azaroak 26, osteguna, 'Mundua birdiseinatzen' goiburua izan duen Bilbao Bizkaia Design Week 2020 ekimenaren ediziorik bereziena amaitu egin da. Koronabirusaren pandemiak urtero egin ohi izan diren ekintza gehienak moldatzera behartu egin du. Hala ere, antolatzaileek moldaketa hori ederto egin dute. Amaiera-ekitaldi honetan, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia den Javier Garcinuño eta BEAZeko zuzendari nagusia den Olatz Goitia egon dira.

BBDWren ediziorik birtualenak 46 jarduera baino gehiago izan ditu -horietatik 31 online jarraitu ahal izan dira-, 98 hizlariekin. Online oihartzunaren aldetik, 325.000 interakzio egon dira sare sozialetan, 24.000 sarrera zenbatu dira webgunean eta 1.500 aipamen baino gehiago #BBDW20 hashtag-rekin izan dira. Aurtengo edizioaren izenburua honako hau izan da: "Enpatia. Aldatzen den mundu bat birdiseinatzea", eta gaur arte antolatu den ediziorik birtualena izango da, diseinuaren astea koherentea izan dadin egungo testuinguruarekiko.

Zortzi egunez, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresa pribatu, unibertsitate, kluster eta elkargo profesionalen lankidetzarekin, eztabaida bat sustatu dute Enpatiaren kontzeptuaren bitartez sormen-industrien esparrua birdefinitu, birdiseinatu eta birpentsatzeari buruz. Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW) asteak hausnarketa hori mahaigaineratu du, eta diseinuak eta sormenak duten garrantzia nabarmendu du.

Testuinguru horretan, sormenaren sektoreko profesionalei zein herritarrei etorkizunera begiratzeko aukera eman zaie sormenarekin zerikusia duten hainbat diziplinetatik: arkitektura eta hirigintza, artea, artisautza, ikus-entzunezkoa, diseinua, ilustrazioa, interiorismoa, moda, publizitatea, komunikazioa eta bideo-jokoak.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi helburu nagusi betetzeko antolatu dute Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW) ekitaldia: alde batetik, diseinua sustatzea jarduera ekonomikoa nahiz enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna daukan sektore gisa, eta, bestetik, lurraldeko sormen-industriek daukaten balioa agerraraztea. Guztira, 5.923 enpresa inguru dira eta 19.899 profesionali ematen diete lana Bilbon nahiz Bizkaian.

Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean % 1,23koa izan da, eta esparru honetan enplegua % 0,47 hazi da. Sormen-sektoreko enpresak Bizkaiko enpresa guztien % 6,5 dira, eta lurraldeko enpleguaren % 4,4 hartzen dute.

Erakundeen arteko proiektu bat da Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW), eta hirian zein lurraldean errotuta dago; bidenabar, diseinu eta sormen-industrietako 300 enpresa eta profesional baino gehiagok hartzen dute parte.