BILBO. Bilboko Udalak bat egin du gaur, hilak 20, ospatu egin den Umeen Nazioarteko Egunarekin. Egun berezi hau ospatzeko antolatutako ekintzen artean, nabarmengarria da goizean egin den Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluaren Osoko Bilkura, zeinak uriko adingabeen ordezkaritza izan duen.

Kontseilua 11 eta 12 urteko 46 umek osatzen dute, eta, 2017tik, Bilbori buruzko ideia berrietan lan egiten du, betiere bere ikuspegitik.

Hala, bada, Udalak bilbotar umeen eta nerabeen parte hartzea sustatzen du, baita hiriaren eraikuntzan ere, uria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkien proiektu-proposamenekin.

Kontseiluaren osoko bilkura gaur goizean egin da online, eta, bertan, adingabeek ez ezik, Udaleko talde politikoen ordezkariek ere parte hartu dute, eta haien artean Juan Ibarretxek ere bai, Gizarte Ekintzako Saileko zinegotziak, zeina Kontseiluaren buru ere baden. Bilkuran, udal jarduerarekin zerikusia duten gaiak landu dira, hala nola umeen eskubideak edota osasuna, Bilboko umeen ikuspegitik.

ADINGABEAK ETA COVID-19A

Azken gai hori dela eta, alegia, osasuna, Bilboko Udalak jakin du nola ikusten duten adingabeek egungo egoera sanitarioa. covid-19aren pandemiak nabarmenki eragin die ume eta nerabeei, eta jolaserako, hezkuntzarako eta gizarte arloko euren eskubideak murrizturik ikusi dituzte, besteak beste. Emozioen arloko ondorioak eta adingabeen garapenari eragin zaizkion ondorioak arintzearren, Udalak, hilabete hauetan, esku hartzeko programak abian jarri eta indartu ditu, zaurgarritasun egoeran dauden familien alderako esku-hartzea bermatzearren.

  • Konfinamenduan, etxeetan gertatzen egon zitekeen ikusezin bihurtzeko prozesuak hautematearren, harreman estua eduki da eta indartu egin da lokarria babesa eta laguntza eskaintzearren, telefono dei, whatsapp, bideokonferentzia eta posta elektronikoen bidez. Lehenengo asteetan, udalak antolatutako taldeen bidez, astean batez beste 11.471 harreman izan ziren 2.670 pertsonarekin (haietako 1.734 helduak, 896 adingabeak) eta astean 958 harremani erantzun zitzaion, gutxi gorabehera. Ondoren, maiztasun tarteak luzatu egin ziren, familien beharrizan eta egoera zehatzen arabera.
  • Eten digitalak erasandako familiekiko eta adingabeekiko harremana erraztearren eta umeak eta nerabeak ikastetxeekin harremanetan jarri ahal izan zitezen, router-ak banatu zitzaizkien 70 familiari.
  • Eskolako Absentismoa Saihesteko, Hautemateko eta Kontrolatzeko Programaren bidez, azkartu egin zen familiekiko harremana, ikasleak eta familiak ikastetxeekiko loturarik gabe gera ez zitezen eta etxetik eskolaratzean absentismoa gutxitzearren, hala gerta baitzitekeen zela gogogabetzearengatik, eten digitalagatik edo tutoreek lanetan laguntzeko orduan izan zitezkeen eten digitalagatik edo bestelako zailtasunengatik. Astean 3.533 inguru kontaktu egin ziren, 220 adingaberekin eta 470 heldurekin, batez beste. Halaber, materialak banatu ziren, eta ordenagailuak eskuratzeko modua erraztu zitzaien ikastetxeekin elkarlanean.
  • Halaber, eta ahalik eta gehien gutxitzearren eten digitalak baliabiderik gabeko umeen eskolaratzean duen eragina, Udalaren gizarte zerbitzuak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan ari dira, "Aukerak Suspertzen" programa, Bilboko 475 familiatako 770 adingaberi lagunduz programak eskaintzen dituen baliabideak eskuratzen.
  • Esku hartze Psikosozialeko Programaren bidez (EPP), arreta psikosoziala eskaini zaie adingabeei eta helduei, ahal den neurrian, haien egoera emozionala ezagutu nahirik.
  • Konfinamenduan zehar, eta deskonfinamenduan zehar ere bai, lehentasunezkotzat jo zen jakitea zertan ematen zuten umeek eta nerabeek aisialdia, eta haiek jolaserako duten eskubidea berreskuratzea. Harreman horien bidez, babesten eta sustatzen aritu izan gara familiek unerik atseginenak parteka ditzaten, batez ere txikienekin, jarduera, jolas eta erronka bidez, eta materialak eta estekak eskaini izan zaizkie horretarako.
  • Konfinamenduaren ostean, garrantzitsutzat jo zen umeentzako eta nerabeentzako udalekuen eskaintzari eustea, bai Udalaren bai auzoetan errotutako gizarte entitateen udalekuei, alegia, eta, hala, espazio zabaletako jolasak berreskuratzea.
  • Aurreko ekitaldietan bezala, Hirugarren sektoreko entitateekiko elkarlan hitzarmen bati eutsi zaio, jarraipena emanez arrisku egoeran dauden adingabeentzako arreta programa eta proiektuei, eta orobat eutsi zaie kolektibo horiekin jarduerak gauzatzen dituzten elkarte eta entitateentzako urteroko dirulaguntzei.

BILBOKO KONTSEILUKO ORDEZKARIAK DIPUTATUEN KONGRESUAN

Atzo, Garapen Jasangarriko Helburuen Garapen eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen bilkura izan zen Diputatuen Kongresuan, eta, han, zortzi ume eta nerabek Umeen eta Nerabeen Parte hatzerako Kontseiluen Estatuko seigarren Topaketaren ondorioak azaldu zituzten UNICEF erakundeak antolatua da topaketa hori. Bilkura horretan, umeen ikuspegitik landu ziren GJHak, eta agiri bat aurkeztu zen haien proposamenekin. Ume horien artean izan zen parte hartzen Bilboko Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluaren ordezkari bat, Gorka Apraiz, hain zuzen.

BILBO URIA, UMEEN ADISKIDEA

Izan ere, Bilbok badauka jada umeen adiskidearen titulua 2018ko azarotik, ezagutza hori egin baitzion UNICEFek; horretarako, 2015ean hasita, Bilboko haurren eta nerabeen bizimodua hobetzeko lan-prozesu bat gauzatu du, eta hainbat ekimen abian jarri izan ditu.

Zigilu horrekin, UNICEFek ezagutza agertzen dio Bilboko Udalak umeen eta nerabeen alde egiten duen lanari eta lan horren garrantzia azpimarratzen du.

ETORKIZUNARI BEGIRA

Bilboko Udalak badu Umeen eta Nerabeen 2018-2021 Udal Plana, "Etorkizunari begira" izenekoa: plangintzarako dokumentu bat da, 10 lerro estrategiko eta zeharkako dituena, eta, horien inguruan, guztira 193 udal-ekintza, 18 urtetik beherako herritarrentzat pentsatuak. Helburua kolektibo horien eskubideak betetzen direla bermatzea eta hiriko bizitzan parte har dezaten bultzatzea da.