BILBO. Hemen da DBHko 3. eta 4. mailako ikasle bilbotarren espiritu ekintzailea sustatzea helburu duen 'Sortzearen abentura' programaren edizio berri bat. Bilbao Ekintzak antolatutako ekimen hau laugarren urtez jarraian ospatuko da Bilbon.

Covid-19aren pandemiak sortutako egoera ikusita, eta ikastetxe gehiagoren parte hartzea eta ordutegi-malgutasuna errazteko, ekimena formatu digitalera egokitu da. Hala ere, hala eskatzen duten ikastetxeek aurrez aurre parte hartu ahal izango dute.

Bost saiotan zehar, ikasleek ekimenerako eta espiritu ekintzailerako oinarrizko zeharkako gaitasunak eskuratuko dituzte, norberaren esperientzia praktikoaren bidez. Programa honek hainbat kontzeptu eta balio barneratzen lagunduko die, hala nola, sormena, talde-lana, IKTen erabilera egokia, GJHekiko sentsibilizazioa, komunikazioa, ingurune erreal batean inplikatzea, garapen pertsonala, autoezagutza eta sormen-gaitasuna.

Ikasleek taldean lan egingo dute proiektu errealak garatuz TBL (Thinking Based Learning) metodologiaren bidez —Design Thinking delakoaren, arazoen ebazpen sortzailearen eta Mondragon Team Academyren metodologiaren arteko hibridazio bat—, talde ekintzaileen garapenean eta haien bilakaeraren neurketan oinarrituta.

FORMATU DIGITALA

Gaur egungo agertokian, covid-19a dela eta, Bilboko Udalak gazteriaren prestakuntzarekin eta espiritu ekintzailearen sentsibilizazioarekin duen konpromisoari eutsiz, programa bere osotasunean formatu digitalera egokitzen jarraitzen da. Egokitzapen horrek gaitasun digitalak eta zeharkako gaitasunak, talde multilokalizatuentzako lan-metodologiak eta etorkizuneko azken joerak garatzeko aukera emango die ikasleei.

Ekimen honetan interesa duten ikastetxeek 2020-2021 ikasturte honetan Sortzearen Abentura programaren laugarren edizioan parte hartzeko aukera dute oraindik, eta, horretarako, harremanetan jar daitezke Big Bilbao Ekintzailetzako Udal Zentroarekin, big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez edo 94 420 53 60 telefonoaren bidez

Sortzearen Abentura programaren bidez, Bilboko Udalak ikastetxeek ekintzailetza sustatzeko programetan parte har dezatela sustatu nahi du, hiriko garapen ekonomikoan inplikatutako eragile gisa integratuz.

Aurreko edizioetan, guztira, 9 ikastetxek eta 747 ikaslek hartu dute parte programan, besteak beste, Botikazar BHI, Nuestra Señora del Carmen, Eskurtze BHI, La Salle, Artxandape Ikastola, Harrobia, Escolapioak, Artxandako Trueba eta Deustuko Salesianoetan.