BILBO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko, Bilboko Udalak inoizko aurrekonturik handiena izango du datorren urtean, 2021ean. Udalak 585,5 milioi euro izango ditu eskura, aurten baino 9,2 milioi gehiago. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ostiralean, hilak 6, aurkeztu egin du Aurrekontuen Proiektua.

Juan Mari Aburto alkateak azaldu duenez, covid-19 birusaren ondorioz inoiz gertatu gabeko larrialdi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko beharrari erantzuten dio “ahalegin honek”.

Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziarekin batera, komunikabideen aurrean agerraldia egin du, Udal Gobernu Taldeak ezohiko Gobernu Batzordean aurrekontuok onartu ondoren, eta gero Informazio Batzordean Udaleko talde politiko guztiei azalduta.

KONTU SANEATUAK

Juan Mari Aburtok zehaztu duenez, "urte gogor bati aurre egin behar diogu", mundu osoan eragiten ari den pandemiaren ondorioz, baina Bilboren kasuan, "egoerari aurre egiteko moduko aurrekontua dugu, ondo aztertua eta errealitate berrira egokitua".

Horretarako, baliabide guztiak jarriko dira herritarren eta sektore kaltetuenen eskura eta aldi berean uriko beharrei erantzuten eta proiektuetan jardungo dugu. "Asmo handiko aurrekontua da -zehaztu du-, eta horrekin krisi-egoerari aurre egin nahi diogu, baina, aldi berean, uriaren beharrei erantzun eta gure etorkizuna egiten lagunduko duten proiektuei heldu. Eta hori guztia Bilboko Udalak kontuak saneatuta dituelako bakarrik egin daiteke, urte hauetan guztietan egindako lanaren eta zorroztasunaren ondorioz. Zorroztasun horrekin itxi nahi dugu berriro 2021eko ekitaldia, zorrik gabe".