BILBO. Gaur bertan, hilak 2, hasi egin dira Eskurtze parkea eraberritzeko lanak. Udalak 345.780 euroko aurrekontua bideratuko du, eta obrak bi hilabete iraungo dute. Besteak beste, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko guneak egokituko dira, eta baita jolas egiteko lekuak ere.

Horretarako, ekipamendu berriak jarriko ditu. Batetik, haurrentzako jolasgune bat parkeko sarreran, Juan de Garaytik joanda; eta, bestetik, kirol-zirkuitu bat parke osoan, fitness-gune batean hasi eta amaituko dena.

Haurrentzako jolastokiak 530 metro karratuko azalera hartuko du eta oso espazio berezia izango da. Elementuak zuhaitz gaineko etxeak simulatuko dituzte, eta batetik bestera joateko sareak egongo dira. Zuhaitz gaineko etxeek egiten duten aireko ibilbidea zirkuitu bat izango da, muturretan tutu erako bi txirrista dituena, itxiak; bata bestearekin lotuta egongo dira igotzeko elementuen bidez. Ibilbidea goiko etxeek inguratuko dute, zuhaitzen adarrak imitatzen dituzten hodiekin apainduta. Altuera, gehienez ere, 2,5 metrokoa izango da. Gainera, tirolina bat jarriko da, eta bertara igotzeko elementu bat erabiliko da; tirolinak 28 metroko distantziako ibilbidea egingo du. Kulunkatzeko elementu bat eta zabuak ere egongo dira. Horien artean, jolas kolektiborako saski bat jarriko da.

FITNESS GUNEA ETA KIROL ZIRKUITUA

Horrekin batera, Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Sailak kirola egiteko zenbait aukera prestatuko ditu Eskurtze parkean jarduera fisikoa sustatzeko. Helburu horrekin, fitness-erako eta aire zabaleko entrenamendu pertsonalerako eremu bat prestatuko da, doitu daitezkeen zenbait gimnasia-aparaturekin. Eremu horretan egongo dira abdominalen bankua, spinning-eko bizikleta, eliptikoa, arraun hidraulikoa, hankak luzatzeko gailua eta aulki presa hidraulikoa.

Aparatuek zortzi maila izango dituzte, edozein egoera fisikotako pertsonei beren mailaren eta progresio-helburuaren araberako erritmoan ariketak egiteko aukera emateko.

Fitness eremua haurren jolasen ondoren kokatuko da, eta bertatik bi kirol zirkuitu hasiko dira.

Udalak intentsitate desberdineko bi ibilbide diseinatu ditu, parkeko maldak eta eskailerak aprobetxatuz. Bi ibilbideak fitness eremuan hasi eta amaituko dira. Intentsitate txikikoak 1,3 kilometro izango ditu, eta intentsitate handikoak, 2,2 kilometro.

Ibilbideak behar bezala seinaleztatuko dira, parkearen harmonia estetikoa ez hausteko eta ibilbideetan kirola egiten dutenak gidatzeko.

Parkerako hiru sarbide nagusietan kartel orokorrak jarriko dira (informazio puntuak), ibilbideak, fitness eremua eta gainerako espazio interesgarriak zehazteko. Bi kirol ibilbideetan metalezko zutoinak jarriko dira, zirkuitu bakoitzean jarraitu beharreko norabidea adierazteko, eta kolorearen eta silueta baten bidez bereiziko dira, horietako bakoitzean intentsitate-aldea adierazteko. Gainera, 500 metrotik behin, zoladuran ohar bat jarriko da, egindako distantzia adierazteko. Ibilbideetan atsedena hartzeko guneak eta iturriak ere egongo dira.

Udalak 42.200 euroko inbertsioa egingo du jarduketa honetan. Hortaz, Eskurtze parkeko jarduketa bietan, guztira, 387.980 euroko inbertsioa egingo da.