BILBO. HAPO behin-behinean onartzeko proposamen berria aurkeztu egin du gaur, hilak 27, Bilboko Udalak Plangintzarako Aholku Batzordean. Saioa arratsaldean ospatu da, eta Udalak HAPO berria azaroko Osoko Bilkuran behin-behinean onartzea proposatu du.

Gainera, arratsaldeko saioarekin, amaitutzat eman da dokumentua jendaurrean egon den bi aldietan jasotako alegazioen inguruko eztabaida, hilabete honetako kontseiluaren aurreko lehen bi astearteetan egindako bi bilkuretan azaldu zirenak.

Agiria jendaurrean jartzeko lehenbiziko aldia 2019ko martxotik maiatzera arte izan zen. Ondorioz, Hiri Plangintzako Sailak guztira 21 txosten sektorial eta 265 alegazio jaso zituen; horietatik 84 guztiz baietsi ziren, eta 59 partzialki. Hori guztia planaren aldatutako dokumentuan txertatu zen. Dokumentu hau aurtengo urtarrilean egindako osoko bilkurak jendaurreko bigarren erakustaldi bat egitea erabaki zuen.

Agiria jendaurrean erakusteko bigarren aldi hori ez zen beharrezkoa legez, baina udal gobernuak hala egitea erabaki zuen, gardentasunaren mesedetan, aipatutako alegazioetatik eratorritako zuzenketak eta aldaketak dokumentuari erantsi ostean. Hasiera batean 45 egun naturaletarako aurreikusita zegoen denboraldi hori, azkenean, bost hilabetez luzatu da, osasun-krisiaren ondorioz. Jendaurreko erakusketa-aldi hori amaitu denerako, 10 txosten sektorial eta 134 alegazio jaso dira, eta horietatik 37 guztiz baietsi dira eta 28 partzialki.

Behin-behineko onespenarekin, HAPO berriari Osoko Bilkuran behin betiko onesteko - 2021eko uztailerako aurreikusia-, Ingurumen-adierazpen Estrategikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen aldeko txostena baino ez litzaioke geratuko. Plangintza berriaren eraginpean egon litezkeen erakunde eta entitate publiko guztiek informazioa eman diote batzordeari.

ALDAKETAK ALDE ZAHARREKO BPB ETA BILBO ZAHARREKO BBBPB PLAN BEREZIETAN

Bestalde, gaur arratsaldeko Plangintzarako Aholku Batzordean Zazpi Kaleetako BPBren aldaketari eta Bilbo Zaharreko BBBPBren aldaketari ekainaren 16an egindako Plangintzako Aholku Batzordean aurkeztu zenetik egindako zuzenketen zerrenda ere azaldu da.

Aldaketa horiek HAPOren azken bertsioarekin koordinatzeko beharraren ondorioz gertatu dira.

Egindako aldaketak, funtsean, plan berezi horien erabilera xehatuen erregulazioaren sistematikako doitzeak izan dira, HAPOra hobeto egokitzeko.

PLAN BEREZIEN ALDAKETAK

Ekainaren 16ko Aholku Batzordean aurkeztu ziren Zazpi Kaleak (BPB) eta Bilbo Zaharra Birgaitzeko Plan Berezien aldaketak (BPBE), Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Berrikuspenari egokitzeko nahitaez egin beharrekoak. Hala BPBa nola BBBPBa eguneratu egingo dira, gainera, haietan sartzearren Lurzoruaren Legeak eta Kultur Ondarearen Legeak dakartzaten lege-berrikuntza guztiak.

BPBaren eta BBBPBaren aldaketen xede nagusia da haiek egun indarrean dauden hirigintzako legeriari eta arlo-legeriari egokitzea orokorki, eta orobat egiturazko antolamenduaren xedapenei, HAPOaren berrikuspenaren ondoriozkoei.

Zehazki, hauek dira aldaketak:

  • BPBa eta BBBPBa Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko antolamendu egiturazkoari egokitu zaizkio, betebeharra baitzen.
  • Plan bereziak HAPO berrian ezarritako antolamenduaren, izenen eta terminologien sistematikarekin koordinatu dira, zegokion eran.
  • Birgaitze plan bereziak legeari egokitu zaizkio, autonomia-legedian jasota datozen kudeaketa-teknika berriak sartuz, betebeharra baitzen.

BILBOKO UDAL PLANGINTZARAKO AHOLKU BATZORDEA

Bilboko Udalaren Plangintzarako Aholku Batzordea sortzea adostu zuen Bilboko Udalbatzak 2008ko irailean. Sektorez osatutako kontseilu bat da, parte hartzeko eta eztabaidatzeko. Honako eragile hauek esku hartzen dute bertan: auzokide-elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako entitateek, helburu sozialak zein ekonomikoak dituzten elkarteek, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.

Aholkurako organo honen eginkizun nagusietako bat da hirigintza alorrean herritarren benetako parte-hartzea bermatzea. Horretarako, udal-plangintza orokorrari buruzko aholkuak eman eta txostenak egiten ditu. Hala, Aholku Batzordean, Hiri Plangintzako Sailak edo beste hirugarren batzuek eskatuta landu beharreko gaien gaineko txostenak egiten dira, batzordeko kideek ezagutu ahal izan ditzaten, dagozkien espedienteak idatzi aurretik, eta euren ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, Udalak espediente horiei dagozkien izapideak egin aurretik.