BILBO. Hamar urte beteko ditu aurten Azkuna Zentroko Mediatekak, eta hain berezia den zifra ospatzeko, erakundeak BBK-rekin duen lankidetza-hitzarmena berritu egin du. Ekitaldia gaur goizean egin da, hilak 27, Azkuna Zentroan bertan.

Hitzarmen honen jarraipena sinatzea funtsezko laguntza da proiektu honetarako, Azkuna Zentroko erabiltzaileek gehien erabiltzen eta baloratzen dutenetako bat baita. Bilbokoak ez ezik, Bizkaia osokoak ere joan ohi dira Mediatekara.

Juan Mari Aburtok Bilboko alkateak; Gonzalo Olabarriak, Kultura eta Gobernantzako Zinegotziak; Fernando Pérezek, Azkuna Zentroko Zuzendariak; Alasne Martínek, Mediateka BBK-ko Arduradunak eta Gorka Martinezek, BBK-ko Zuzendari nagusiak hartu dute parte hitzarmena berritzeko ekitaldian. Bisitan, Ekipamendurako nahiak kutxa batean utzi dituzte, denboraren kapsula bihurtuko dena eta 10 urte barru berriro irekiko dena.

Mediateka 2010ean inauguratu zen, eta urtero milioi erdi pertsona baino gehiago pasatzen dira bertatik. Bizitzako hamarkada honetan, ekipamendu hori erreferentzia bihurtu da herritarrentzat, beren proposamenen kalitatea eta irisgarritasun fisikoa nahiz aldi baterakoa baloratzen baitute.

Mediatekaren gehien baloratzen den beste alderdi bat erabiltzaileen autonomia errazten duen sarbide libreko funtsa duela da. Gainera, komiki sail garrantzitsu bat du, urtero handitzen dena, baita bideojokoei eta kultura digitalari buruzko atal bat ere. Aurten egin den eraldaketatik, zinemaren munduari eskainitako espazio bat ere badu, zentroaren programazio-ildo estrategikoetako bat baita.

Mediatekak batez beste milioi erdi erabiltzaile jasotzen ditu urtean. Ia 78.000 dokumentuko funtsa du, eta urtero 4.000 ale berri inguru erosten ditu, bilduma etengabe eguneratuta edukitzeko eta zentroko programaziora lerrokatzeko. 2019an bakarrik 133.143 mailegu egin zituen, hau da, hilean 11.000 mailegu baino gehiago.

Azkuna Zentroko Mediateka ere familiek gehien baloratzen duten guneetako bat da. Haurrentzako eta gazteentzako gunea du, eta ia 17.000 titulu jartzen ditu haien eskura.

Azkuna Zentroko Mediatekak lan handia egin du hamarkada honetan zehar literatura eta letren mundua publiko ezberdinei hurbiltzeko, eta hainbat jarduera programatu ditu. Horien artean aipatzekoa da Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia, erreferente bihurtu dena eta urte hauetan zehar hainbat autore izan dira bertan: Slavoj Zizek, Paul Auster, Eric Hobsbawn, Margaret Atwood, Daniela Sarriugarte, Beatriz Chivite, Javier Marías, Fernando Arrabal, Kirmen Uribe, Almudena Grandes, Siri Husvedt, Juan Goytisolo, Katixa Agirre, edo Bernardo Atxaga, beste askoren artean.

Gaur egungo Mediateka duela hamar urte sortu zen. Azken hilabeteetan eraldaketa-prozesu bati ekin zaio, garai berrietara egokitzeko eta bere proposamenak zentroaren 2019-2023 Proeiektu Programarekin lerrokatzeko. Prozesu horrekin, balio anitzeko espazio berriak sortu ditu, taldean esperimentatzeko eta belaunaldien artean ikasteko, kultura praktika, prozesu eta esperientzia gisa bizitzeko.

Mediatekaren programazioak ere bilakaera izan du. Gaur egun, Leticia Pasquetaren 'Paisaia ludiko zuria. laztanen jokoa' lana dago ikusgai, eta laster 'Autobiografiak' tailerra egingo da Aitor Saraiba artistarekin.