BILBO. Larunbatean, urriak 24, Nazio Batuen Gutuna indarrean sartu zeneko 75 urte bete dira. Hori dela eta, omenaldi modura, Bilboko Udalak udaletxearen fatxada nagusia urdinez argiztatu du.

Horrela, Udalak pertsona guztien eta planetaren ongizatearekin, Garapen Iraunkorreko 2030 Agendarekin eta bakearen eta berdintasunaren aldeko elkarrizketarekin eta lankidetzarekin duen konpromisoa erakusten du.

Urteurren horretan, UNESCO Etxeak, Euskal Herriko UNICEF Batzordeak, UNRWA Euskadik eta ACNUR-en Euskal Batzordeak sustatutako ekimen honen alde agertu nahi izan dute Euskadiko hainbat gizarte-erakunde eta erakunde publikok. Bizkaiko hiriburuko udalaren kasuan, ez da entitate horiekin konpartitzen duen proiektu bakarra. Izan ere, nazioarteko lankidetzako proiektuak, larrialdi-laguntzako eta laguntza humanitarioko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako programak egiten dituzte elkarrekin. Hain zuzen ere, azken bi urteetan 325.000 euro baino gehiagoko programak finantzatu dira, hainbat herrialdetan planak egiteko: Siria, Palestina, Libano, Txad, Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ruanda.

75 URTEKO ELKARRIZKETA

1945eko urriaren 24an jarri zen indarrean Nazio Batuen Gutuna, arazo partekatuentzako konponbide komunak bilatzeko. Gutun hori berrogeita hamar estatu kidek sinatu zuten 1945eko ekainaren 26an, San Frantziskon, Nazio Batuen Nazioarteko Antolaketari buruzko Biltzarra amaitzean. 75 urteotan, herrien arteko elkarrizketa funtsezkoa izan da giza eskubideetan, hezkuntza unibertsalean, pobreziaren aurkako borrokan eta genero-berdintasunaren aldeko borrokan aurrera egiteko, besteak beste.

Lurraldeen arteko elkarrizketari eta elkartasunari lotuta, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak azaldu duenez, "covid-19aren pandemiak ederto erakutsi digu tokiko gobernuok mundu mailako arazoetan hartu behar dugun papera. Zerbitzu publikoak mantenduz, gaixotasunak hedatzea galarazteko sentsibilizazio-programak bultzatuz, eta sortzen diren larrialdiei erantzunez".