BILBO. Gaur, hilak 20, eta bihar, haize-bolada gogorrak egon daitezke Bilbon. Adituen arabera, gaur iluntzeko 21:00ak arte 60-80 kilometro orduko hegoaldeko haize-boladak gauzatu daitezke. Hori dela eta, Bilboko Udalak hainbat gomendio eman dizkie bilbotarrei.

Gaur gaueko 21:00etatik aurrera, egoerak txarrera egingo du aurreikuspenen arabera eta alerta laranja ezarriko da goizaldeko 03:00ak arte, izan ere, bitarte horretan, Bilbon 90-100 kilometro orduko haizeak ere ibil daitezke.

Kalkuluei jarraiki, 03:00etatik aurrera, haizea indarra galduz joango da, baina 80 kilometro orduko haize-boladak ere gerta daitezke, bihar (eguaztena, hilak 21) goizeko 09:00ak arte.

Egoera horren aurrean, haize arriskuagatik alerta laranja dela eta, ez da jarduerarik egingo bihar, abenduak 19, osteguna, Areatza inguruan eta izotz pista bezalako instalazioak itxita egongo dira jendearentzat.

Haize boladen ondorioz gerta litezkeen edukiontzien mugimenduak saihesteko, Bilboko Udalak edukiontzia bilketa gunean ondo lotuta mantentzen duen sistema bat erabiltzen du.

Bestalde, Bilboko Udalak honako prebentzio neurri hauek hartzea gomendatu die herritarrei:

  • Ate-leihoak ixtea eta haizeak eroan eta istripuak eragin ditzaketen tresnak kentzea kanpoaldetik (lorontziak, arropak esekitokietatik eta abar).
  • Erlaitz, horma, zuhaitz eta publizitate paneletatik urrundu eta kontuz ibili eraikitze bidean edo egoera kaxkarrean dauden eraikinen aldamenean.
  • Kontu handia jartzea kalean jarritako behin-behineko aldamioen azpitik ibiltzean.
  • Errepidean ibiltzea saihestu. Autoa erabili behar izanez gero, kontu handia eduki leku zabaletatik eta zubietatik igarotzean.
  • Merkataritzako lokalek kalean ondo tinkatu barik dituzten olanak, mahaitxoak eta antzekoak kentzea.
  • Aldamio, obretako hesi eta behin-behineko instalazioen arduradunek behar diren segurtasun-neurriak hartuko dituzte instalazio horietan.