BILBO. Bilboko Udalak 2,1 milioi euroko aurrekontua inbertitu du Arangoiti eta Deustuko auzoak lotuko dituen oinezkoen bide sarea eraikitzeko. Gainera, parke berri bat eraiki da, erabat irisgarria, mendiaren magalean.

Arangoitiko magala uriaren gaineko behatoki bikain bat da. Ezaugarri hori baliatuz, Bilboko Udalak egokitu egin du inguru hura parke publiko gisa, eta oinezkoentzako ibilbide irisgarriez hornitu du, Arangoiti eta Deustu lotuz.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziarekin eta udal korporazioko beste kide batzuekin batera, aisialdiko gune berri hura ikusten izan da. Udal ordezkarien segizioa igarobide goratu berri batera ere hurbildu da, Gorbeia eta Ganeta Mendiaren kaleen arteko bidegurutzean: nabarmenki hobetzen da inguru hartan bizi diren herritarren segurtasuna igarobide berriarekin.

"Lan honi esker -adierazi du alkateak-, bilbotarrek, gaur, aukera izango dute parkea ikusteko eta han ibiltzeko, orografia zailaren eragozpenik gabe. Inguru hartako malda handiak zaildu egiten zuen zirkulazioa lehen. Orain, ordea, baditugu oinezkoentzako ibilbide irisgarriak, magalean goitik beheraino ibiltzeko aukera ematen dutenak. Pasealekua zabalagoa da orain, gainera, zenbait gunetan, egoteko leku berriak sortzeko aukera emanez, guztiak ere jarlekuz eta argiztapenez hornituak".

Parke berria muna batean dago kokatuta, Ramón y Cajal kalearen eta Araneko kalearen atzealdeen artean. Halaber, Deustuko kaputxinoetarako aldaparekin bat egiten du, magalaren erdialdera. Lanak egin diren guneak 12.400 metro koadroko eremua hartzen du, eta horietatik 700 metro bidexkek eta egoteko lekuek hartzen dute.

Pasealeku guztiak dira irisgarriak, eta bat egiten duten lekuen arteko lau lekutan, beste horrenbeste plaza atondu dira. Egoteko lekuetan, gainera, badira jarlekuak eta paperontziak, eta bideek zurezko barandak dauzkate, babesteko.

Bideak 2 metro zabal dira, salbu eta mantentze lanetako ibilgailuen sarbide gisa egokitu direnak, 3 metro zabal dira-eta lekurik meharrenetan.

Beste alde batetik, Araneko kalearen atzealdean, 3 eta 15 zenbakien artean, arranpa bat egin da, eta eskailera bat ere bai, inguru hartako irisgarritasuna hobetzeko; hala, gainera, zerbitzu ematen zaio kale hartako 17. zenbakiko bigarren sotoan dagoen haurtzaindegiari.

Beste arranpa bat ere egin da, haurtzaindegia lotzeko umeen olgeta-lekuak dauzkan parkearekin, zeina ondo-ondoan baitago. Inguru hori zabalagotu egin da, esku hartzea baliatuz, eta, orain, 900 metro koadro dauzka; halaber, tresna bio-osasungarriak ezarri dira han.

Araneko kalearen atzealdean komun publiko berri bat ipini da, 9. zenbakiaren peko igarobidearen ondoan.

Obra osatzeko, argiztapen-sare berri bat egin da, bai mendiaren magalaren aldean bai Araneko aldean, eta hiri altzari berriak ere ipini dira.

OINEZKOEN IRISGARRITASUNA HOBETZEA GORBEIA KALEAN ETA GANETA MENDIAREN KALEAN

Arangoitiko parke berrirako ikustaldia baliatuz, Juan Mari Aburto alkatea beste lan batzuen emaitza ikustera joan da, handik gertu: Gorbeia kalearen eta Ganeta Mendiaren kalearen arteko bidegurutzean ezarritako igarobide goratu berria, hain zuzen.

Udalak oinezkoentzako egokitu du neurri batean, eta irisgarritasuna hobetu inguru hartan, han bizi diren herritarrei lehentasuna emanez ibilgailuaren aurretik. Halaber, zabaldu egin dira espaloiak Ganeta Mendiaren kaleko 1. eta 5. zenbakien artean, eta hobetu egin da bi kaleen arteko lotura.

Bidegurutze horretan estutu egiten zen ibilgailuen igarobidea, zirkulazio-norabide bakarrarekin eta Gorbeia kaletik etorrita laurogeita hamar graduko biratzea egin beharrarekin. Orain, hori guztia zuzendu egin da, galtzada goratuz, zoladura berrituz eta igarobide goratu berri bat ipiniz kota berriaren mailan.

Proiektu hori Auzokide Planaren barruan zegoen sartuta, eta 43.000 euroko inbertsioa egin behar izan du Udalak.