BILBO. Nortegasek gas naturaleko berokuntza jarriko du Bilboko udal etxebizitzetan. Horrela adostu egin zuten joan den asteazkenean, hilak 7, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak estatu mailan gas naturalaren bigarren banatzailerik handienarekin sinatutako hitzarmenean, non erakunde bakoitzak inbertsioaren erdia ordaintzea sinatu zuten. Aurreikusita dago urtean 200 etxebizitza inguru egokitzea, eta lanak etxebizitzak hutsik geratu ahala egingo dira, maizterrak txandakatzen diren bitartean.

Jon Bilbao Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzak-en presidenteak eta Javier Contreras Nortegasko kontseilari ordezkariak sinatu zuten akordio hau, Bilboko Udalean egindako ekitaldian. Alde biek interesa agertu zuten gas naturalak beste erregai batzuen aldean dituen abantailengatik, eraginkorragoa delako alderdi ekonomikotik eta ingurumenean emisio kaltegarri gutxiago dituelako.

Era berean, Nortegasek, Bilboko Udalaren estrategia energetikoaren barruan, gerora begira lankidetzarako beste bide batzuk aztertzeko interesa agertu zuen, gai hauek jorratzeko, besteak beste: gasolio-galdaren ordez gas naturalekoak jartzea, ibilgailuentzako gas naturalaren garapena (GNV) eta zerbitzuaren digitalizazioa, udal-etxebizitzetan kontagailu adimendunak ezarriz.

Lankidetza honetan sartzen diren etxebizitzak Bilboko 20 auzo baino gehiagotan daude. Inbertsio eta jarduteko lehentasun handiena Otxarkoaga (952 etxebizitza), Madariaga Dorrea (258) eta Santutxu (211) auzoetan egingo da, auzo horietako etxebizitza-kopuru handi batean jarriko delako gas naturaleko berokuntza.

Ekimen hori Nortegasko plan estrategikoaren barruan dago, eta haren funtsezko helburuetako bat da erantzukizun sozial korporatiboaren arloan, hau da, bere eragin-eremuetako udalekin eta erakundeekin aliantzak sustatzea, gas naturala eskuratzeko aukera elkarrekin finantzatzeko biztanleria-segmentu ahulenei, eta gas naturala bultzatzea, ingurumena errespetatzen duelako eta ikuspegi ekonomikotik oso lehiakorra delako energia-iturri hori. Asmo horrekin, duela gutxi, antzeko akordio bat lortu zuen Nortegasek Avilesko Udalarekin, 49 etxebizitza sozialetan gas naturala hornitzeko.

Jon Bilbao Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzen presidenteak nabarmendu zuenez, "Bilboko etxebizitza sozialak ahalik eta erosotasun baldintza onenez hornitzeko eta uriko etxebizitza publikoen parkean eraginkortasun energetiko handieneko jarduerak bultzatzeko gure apustu irmoaren barruan kokatzen da ekimen hau".

Bestalde, Javier Contreras Nortegaseko kontseilari ordezkariak honako hau adierazi zuen: "oso harro gaude Bilboko Udal Etxebizitzekin akordio hau lortu dugulako. Konpromiso sendoa dugu presentzia dugun eremu geografikoekin, eta, une honetan, bereziki, komunitate horien ongizatea hobetzeko erantzukizuna sentitzen dugu, batez ere biztanleria-segmentu ahulenekin, ekonomia deskarbonizatzen laguntzen duen alternatiba energetikoa eta ekonomikoki eraginkorra eskainiz".