BILBO. Uriko historia dokumentatzeko helburua duen Argazkineta ekimenak Bilboko lau auzo bisitatuko ditu. Konkretuki Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda eta Sarriko izango dira Bilbao Izan programaren barruan antolatutako ekintza hau jasoko duten auzoak.

Horren barruan, urriaren 21era arte, abian izango da Argazkineta ekimenaren bigarren edizioa. Herritarren partaidetzan oinarritutako ekimena da, auzoetako hurbileko historia berreraikitzeko eta horretan sakontzeko, auzokideek eman ditzaketen dokumentuen eta testigantzen bitartez.

Argazkineta aukera ezin hobea da ariketa kolektibo bat egiteko; alde batetik, herritarrek oroimenerako gune bat izango dute eta, bestetik, Elorrietako, San Ignazioko, Ibarrekolandako eta Sarrikoko XX. mendeko materiala, paperean dagoena eta ikus-entzunezkoak, berreskuratzean ekarpenak egin eta parte hartu ahal izango dute, auzo horietan oinarrituko baita edizio berri hau.

Furgoneta bat lau auzo horietan zehar ibiliko da, auzo horiei buruzko materialak biltzen eta digitalizatzen, hala nola, argazkiak, diapositibak, pegatinak, bandoak, aktak, liburuxkak, kartelak, egunkari-zatiak, aldizkariak eta bideoak. Material horiek XX. mendekoak izan behar dira, 2000. urtea baino lehenagokoak.

Argazkinetako furgoneta auzo horietako espazio ezagun eta hurbilekoetan jarriko da, hain zuzen ere, leku, egun eta ordu hauetan:

  • Urriaren 7ra arte, Levante plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
  • Urriaren 8tik 14ra, Ibarrekolanda plazan (metroaren Sarrikoko irteeran), 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
  • Urriaren 15etik 21era, Pedro Astigarraga plazan, 11:00etatik 14:00etara eta Agirre Lehendakariaren etorbideko 180. zenbakiaren parean, 17:00etatik 21:00etara.

Materiala eman nahi baina egun horietan puntu horietara joan ezin dutenek www.bilbao.eus udalaren webgunearen bidez eman ahal izango dute. Bertan, material digitalizatua on-line bidali ahal izateko berariazko atal bat egongo da, urriaren 10etik 31ra.

Jasotzen den materiala Argazkineta-n bertan ikusi ahal izango da. Gainera, dokumentuak jaso ondoren, abenduan, Argazkineta Show izeneko aurkezpen-ekitaldia egingo da, auzo horien memoria gogoratzera hurbildu nahi duten guztientzat irekia.

Digitalizatutako dokumentuak Bilboko udal-artxiboetan sartuko dira.

Bilboko Udalak bigarrenez abian jarri duen proiektu honek memoria kolektiboan sakondu nahi du, eta dokumentu eta historia horiek formatu digital batera aldatu nahi ditu, bizitza luzatu eta garai berrietara egokitze aldera; gainera, uriko auzo guztietako garai jakin bateko historia pertsona guztien artean eraikitzen laguntzen du horrek guztiak.

ARGAZKINETA EKIMENAREN LEHENENGO EDIZIOA

Argazkinetaren lehenengo edizioa Zorrotza auzoan egin zen iaz, eta ekimenaren bidez 50 bat lagunen ia 2.000 artxibo bildu eta digitalizatzea lortu zuen, batez ere argazkiak, negatiboak (horietako bat 1892koa), diapositibak, liburu zaharrak, auzoko irrati libreko programen grabazioak zituzten kasetteak, liburuxkak, errazionamendu-kartillak, prentsa-zatiak, partiturak eta jaietako programa zaharrak.

Ahozko testigantzak ere bildu ziren. Guztira, 22 lagunek euren oroitzapenak partekatu zituzten eta Zorrotzako historia hurbilaren alderdi zehatzei buruzko testigantza grabatu zuten kameraren aurrean.

BILBAO IZAN

Proiektu hau ondarea zabaltzeko Bilbao Izan udal programan sartzen da. Programa horrek, "Ezagutu oinez" eta "Ezagutu familian" bisita gidatuekin eta 'Txio Ta Txio' bideo laburrekin batera, Deustuko elizatea osatzen zuten auzoak izan ditu ardatz, Bilboko auzoen historia ezagutzera emateko.

Ondarea ezagutarazteko Bilbao Izan udal programa duela 15 urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osatzen duten guneen eta etxegintzaren nondik norakoak ezagutarazteko.

Asmo horrekin tokiko historiari buruzko liburuak argitaratu dira, Bilboko auzoetara eta eraikin berezietara bisitak antolatu dira eta oraindik antolatzen jarraitzen dira, argazki-erakusketak egin dira.

Argazkinetaren bidez, Udalak herritarrak inplikatu nahi ditu auzorik auzoko azken urteetako historia berreraikitzeko eta ezagutarazteko material interesgarriak eta baliozkoak biltzeko eta kontserbatzeko.