BILBO. Bilbok udazkeneko artisautza azokaren lehenengo edizioa jasoko du egun hauetan. Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Arbaso elkarteak antolatutako ekimen honetan beste erkidego eta probintzietako 30 profesionalek hartuko dute parte.

Sustatzaileen ustez, "artisaua izan da bizi dugun krisi globalaren kaltetu handienetako bat. Bilbok eskaintzen digun aukera honek argi pixka bat eman diezaioke panorama ilun horri.

Inaugurazio ekitaldian, Juan Mari Aburto alkateak adierazi du horrelako ekitaldien bidez "apurka-apurka uriari erritmoa eta beroa berreskuratzen lagundu nahi zaio, ekonomia, enplegua, eskulangintza eta kultura sustatuz, betiere segurtasuna errespetatuz pandemiari aurre egiteko eta aldentzeko".

Ildo beretik jo dute Arbasoko ordezkarien adierazpenek: "horrelako gertaerekin artisauen lanak merkaturatzen laguntzeaz gain, gure kulturaren zati bat zabaltzearen aldeko apustua egiten da, ekonomia dinamizatzen den bitartean": Izan ere, Udazken Artisautza Azoka eta Liburu Azoka aldi berean egingo dira: "ahalegindu behar dugu Bilbo bere onera itzul dadin albait arinen eta ahal denik eta egokien" azpimarratu dute Azokaren dinamizatzaileek.

HOGEITA HAMAR ARTISAU INGURU

Kopuruei erreparatuta, 1. Udazken Artisautza Azokan hogeita hamar bat artisauk hartuko dute parte. Horretarako, karpa zabal bat jarriko da Areatzako kaian. "Edukierak, segurtasun-distantziak eta prebentzioa oso kontuan hartuko ditugu; horregatik, tenperatura hartuko zaie bertaratzen diren guztiei, baita eskulangileei ere, eta sarreran kontrol zorrotza egongo da".

Artisauen jatorriari dagokionez, bizkaitarrak izango dira gehiengoa baina horrek ez du esan nahi Euskal Herriko eta Penintsulako beste lurralde batzuetakoak egongo ez direnik. Partaideen zerrenda honela geratu da: zazpi bizkaitarrak izango dira, hiru artisau Nafarroatik hurbilduko dira eta bi Arabatik. Kanpotik datozenak, ordea, lau Galiziatik etorriko dira, beste horrenbeste Madrildik eta Gaztela eta Leonetik; bat Gaztela-Mantxatik; bi Aragoitik eta ordezkari bana izango dituzte Valentziak, Balear Uharteek eta Kataluniak.

Gremioak kontuak hartuta, ordezkaritza orekatua dago aurten. Zeramika lantzen duten bost eskulangile izango dira eta larrugintzan eta zurgintzan diharduten launa. Oihalgintzako bi artisau, eta beste horrenbeste kosmetikan, bisuterian, jostailugintzan eta artean dihardutenak. Eta ez ditzagun ahaztu lore lehorrekin eta beirarekin lan egiten dutenak. Eta, ezbairik gabe, bilbotarrekin hutsik egingo ez dutenak nekazaritzako elikagaien arloan dihardutenak izango dira; hiru saltoki izango dituzte, bertaratzen direnen gozamenerako.

SUSTATZAILEAK

Arbaso irabazi-asmorik gabeko elkartea da, izaera sozialekotzat hartua, euskal artisautza tradizional eta garaikidea sustatzera bideratua, eta jarduera-eremu Euskal Herria duena. Euskal Herri osoko eskulangileen ehun lantegi inguru biltzen ditu elkarteak.