BILBO. Bilboko Kalealdiaren edizio berriak 70 ekintza baino gehiago izango ditu. Atzo, hilak 22, hasiera eman zitzaion Kaleko Antzerkiaren eta Arteen Nazioarteko Jaialdiaren XXI. edizioari, eta hurrengo igandera arte, irailak 27, luzatuko da.

Programazioa kalitatekoa, askotarikoa eta adin guztioetako ikusleentzat pentsatuta dago Bilboko Kalealdian; 73 emanaldi eskainiko dira, nazioarteko 26 konpainien eskutik, eta 27 ikuskizun.

Jaialdiak zazpi eszenatoki izango ditu urian han eta hemen: Casilda Iturrizar parkea, Areatzako kaia, Areatza, Arriaga plaza, Arriaga Antzokiaren alboa, Bizkaia Aretoa (UPV/EHU) eta Plaza Barria. Programatutako ikuskizunek hainbat diziplina hartuko dituzte, hala nola, kaleko antzerkia, zirkua, dantza, dantza bertikala, clown-a, musika eta instalazio eszenikoak, iraileko egun hauetan Bilbo bizitzaz eta kulturaz betetako hiri bihurtuz.

Jaialdiaren edizio berri honetara gonbidatutako konpainia guztietatik 13 Euskal Herrikoak dira: Bilboko Udalak apustu garbia egiten du bertoko kulturaren alde eta hemen dauzkagun punta-puntako proposamenen alde. Horiez gain, Bilboko Kalealdian Estatuko 10 konpainia eta nazioarteko 3 egongo dira: bi Frantziatik etorriak (Europako erreferente nagusia kale-antzerkian), eta hirugarrena Belgikakoa. Guztiek jaialdiko ohiko agertokietan ikusi ahalko ditugun muntaiak ekarriko dituzte Bizkaiko hiriburura.

CASILDA ITURRIZAR PARKEKO AGERTOKIA

Atzo, hilak 22, asteartea, arratsaldeko bostetan hasita, Casilda Iturrizar parkea Bilboko Kalealdiaren eszenatoki nagusietako bat bihurtu zen berriz ere. Mystérieuses Coiffures arduratuko da parkearen dekorazioaz, eta 'Koloreen mundua' proposamenarekin parkera hurbiltzen den oro harrituta geratuko da. Lore-motiboak izango dira protagonista.

Casilda Iturrizar parkean egingo dira atzo hasi eta eguenera arte programatutako 73 ikuskizunetatik 33.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Halaber, maskara derrigorrezkoa izango da Bilboko 2020ko Kalealdiko ekitaldi guztietan.

Bilboko Kalealdiko ikuskizunen egutegia, data eta ordutegi guztiekin, esteka honetan kontsulta daiteke.