BILBO. Bilboko Udalak Areatza eta Kale Nagusiaren zati bat trafikorako itxiko du igande guztietan, hilaren 27tik aurrera. Neurri honen helburua oinezkoek eta bizikletek espazio gehiago izatea da. Salbuespen bakarra tranbia eta aparkaleku pribatuetara doazen ibilgailuak izango dira.

Aisiarako gune berri bi horiek Kale Nagusian eta Areatzan egongo dira eta salbuespen bakarra izango dira tranbia eta aparkaleku pribatuetara doazen ibilgailuak.

Areatzan, San Nikolas elizan hasi (Prim kalerantz joan ahal izango dira ibilgailuak) eta Mesedeetako zubiaren gurutzeraino eta Arriagako zubia Bailen eta Erripa kaleekin gurutzatzen den tokiraino.

Kale Nagusian Mazarredo zumarkaletik Moyua plazarainoko tartea autobusik eta taxirik gabeko gunea izango da domeka guztietan; inguru horretarako garajeetakoek baino ezin izango dute zirkulatu.

Covid-ak eta pandemiak erakutsi zuten hiriek kaleak oinezkoentzat jartzeko prozesua bizkortu beharra zegoela mundu osoan, pertsonen aisiarako espazioa irabazteko.

Bilbon, 7 astez, konfinamendua arintzeko garaian, hainbat ekimen jarri ziren abian asteburuetan, mugikortasun segurua eta jasangarria bultzatzeko eta osasun-agintarien gomendioak betetzeko. Neurriek bi helburu zituzten: batetik, oinezkoen joan-etorrietan distantzia fisikoa gorde ahal izatea, kutsatzeko arriskuak murrizteko, eta, bestetik, garraiobide guztiak elkarren artean ondo uztartzea, jendeak ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak izan ditzan, eta bizikletaren erabilera sustatzeari garrantzia emanez.

Aldi baterako neurri horien artean, zenbait gune egokitu ziren, ibilgailu pribatuaren erabilera eta abiadura (gehienez ere 20 km/h-koa) mugatuta, eta lehentasuna emanda oinezkoei.

Orain, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ekimen horri heldu dio berriz ere, eta igandero bi gune berri horiek egokitzea erabaki du. Alfonso Gilek azaldu duenez, "ez bakarrik oinezkoek ibilgailu pribatuari irabazitako espazioak izan daitezen, baizik eta horiek aire zabaleko gela handi bat bihur daitezen, mugikortasun jasangarri eta osasungarri baten onurei buruzko kontzientziazio- eta hezkuntza-ekimenak eta -jarduerak garatzeko, eta horietan protagonistak neskato-mutikoak izan daitezen, euren familien laguntzarekin”. Aztertzen eta diseinatzen ari dira zer-nolako jarduerak egin espazio horietan; asmoa da, datozen hiletan antolatzea, osasun-egoera zertan den ikusita.

Urte batzuk dira Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila "Eskola Bideen" proiektua garatzen ari dela. Bilboko hainbat eskola eta auzorekin lankidetzan, haurren autonomia lantzen du zuzenean ikastetxeekin, gurasoekin eta neskato-mutikoekin. Uria euren laguntzarekin berrikusiz, birpentsatuz eta eraldatuz, betiere Bilbo jasangarriagoa, eskuragarriagoa eta pertsona guztiekin bidezkoagoa izan dadin.

"Hiri batean jolastu ahal denean, modu osasuntsuagoan, errespetuzkoagoan eta inklusiboagoan bizi daiteke, eta horixe da, hain zuzen ere, gure txikienek espazio horietan ikas dezaten nahi duguna, jarduera ludikoak eta hezitzaileak antolatuz. Jarduera horiek "Eskola Bideen" proiektuarekin lortu nahi genuen helburuari jarraipena emango diote” azaldu du Alfonso Gilek.

ELEKTROMUGIKORTASUNARI BURUZKO WEBGUNEA

Bestalde, ekitaldi berean, Alfonso Gilek elektromugikortasunari buruzko web-orri berria aurkeztu du, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak egindakoa.

Webgune berriak gure ohiturak elektromugikortasunera aldatzeko beharra azpimarratzen du, eta hiriko mugikortasun elektrikoari, kargatzeko puntuei edo ohiko errekuntza-ibilgailu bat elektriko batekin ordezkatzeak dakartzan onurei buruzko informazio zehatza biltzen du.

Jarduera hauek Mugikortasunaren Europako Astean egingo dira, eta bat dator "Emisiorik gabeko mugikortasunaren alde" aurtengo leloarekin, 2050erako ikatz-isurketen neutraltasuna lortzeko asmo handiko helburua islatzen duena. Helburu hori Europako Itun Berdean jasota dago. Halaber, gaiak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela zero isuriko garraio-sistemetarako irisgarritasuna eta pertsona guztientzako sistema inklusiboa sustatzea.

Bilboko Udalak 134 ibilgailu elektriko eta 87 hibrido ditu une honetan, baita 450 bizikleta elektriko ere. Udalaren ibilgailuen artean % 100 elektrikoak diren 10 autobus eta 60 hibrido daude, baita Udaltzaingoaren 2 motor elektriko ere.

Uriko taxilarien kolektiboak ere bat egin du prozesu horrekin, eta, azken urteotan, urian dabilen taxi elektrikoen kopurua 1etik 32ra igo da, ezarri dugun dirulaguntza programa bati esker. 2030ean taxi guztiak eko edo elektrikoak izango dira.

Gaur egun, ohiko 23 karga-puntu daude udal-aparkalekuetan, eta azkar kargatzeko 8 puntu Bilboko kaleetan. Bilboko Udala asmo handiko elektrifikazio-plan bat garatzen ari da gaur egun. Plan horren helburua da 2030. urtean Bizkaiko hiriburuan matrikulatutako ibilgailu elektrikoen kopurua, gutxienez, guztizkoaren % 20koa izatea.