BILBO. Datorren ostiralean, irailak 25, Bilboko Zirkuituak hasiera emango dio denboraldi berriari Castañoseko udaltegian. Aurtengoa hemeretzigarren denboraldia izango da.

Udalak azaldu duenez, Bilboko Zirkuitua ekimen aitzindari eta berezia da Euskadin; antzerki-sormena bultzatu, sustatu eta jendearengana hurbiltzeko tresna bat.

Udazken honetako programazio eszenikoa, Bilboko auzoetan, 16 emanaldikoa izango da, oso ezberdinak denak, 14 konpainia eta artistaren eskutik. Denboraldi honetan parte hartuko duten konpainietako batzuk ezagunak dira Bilboko Zirkuituan, esate baterako A trompicones Teatro; pieza berri bat ekarriko digute, beste denboraldi batzuetan arrakasta handia izan ondoren. La Dinamika ere hemen aritutakoak dira (Eguzki Zubia).

Halaber, ikuskizun berri eta estreinaldi asko ikusi ahal izango ditugu. Besteak beste Krego Martín Danza, Mama Crea eta Juan Carlos Garaizabal konpainiak eta artistak etorriko dira. Iuris Tantum-en lana ere ikusiko dugu, Kepa Ibarraren gidoiarekin.

Eskaintza kulturala osatzeko askotariko proposamenak daude, komediarekin, misterioarekin, dantzarekin eta musikarekin, baita antzerkiari buruzko mahai-inguru batekin ere, bertoko zenbait kolektiboren eskutik: Ana Capilla Danza, Loida A. Gómez, Katastrofen Teatro, Naita Produkzioak, Aimara teatro, Fósforos, Olatz Gorrotxategi eta La Pacheca Collective.

SORMENARI BABESA

Bilboko Udalak Bilboko Zirkuitua martxan jartzen du urtero, helburu birekin: bertoko eszena sustatu eta bultzatzea, eta antzerkia hiriko auzoetara hurbiltzea. Programa honen bidez, antzerki eta dantza taldeei aukera ematen zaie euren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko. Programa honetan parte hartzen duten artistetako asko eremu profesionalean aritzen dira gerora.

Gainera, udal programa honek aukera paregabea ematen die herritarrei hiriko proposamen artistiko berri eta freskoenak gozatzeko. Ekimen honek garrantzia dauka, bestetik, hiriko eskaintza kulturala deszentralizatzeko. Denborarekin, antzerki-zirkuitu hau auzo guztietara zabaldu da; auzoetako askotan hauxe da estalitako eremu batean egiten den arte eszenikoen eskaintza bakarra.