BILBO. Bilboko Udalak umorea erabiliko du eraso sexisten eta indarkeria matxistaren aurkako programetan. Atzo, hilak 17, herritarrak gaitz honekin sentsibilizatzeko Berdin Berdin izeneko ekimena abiarazi zuen. Kanpaina Udalaren sare sozialetan argitaratutako bideo batean ikus daiteke.

Herritarrak sentsibilizatzeko eta gizartea eraldatzeko antzerkia eta umorea erabiliz, ekintza biral honen helburua da herritarrek konpromisoa har dezatela indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko eta berdintasunezko gizarte baten aldeko gizarte-aldaketan inplikatzeko erantzun kolektiboan.

Berdin Berdin ekimenaren barruan, Udalak umorezko esketx laburrak -magazinearen antzeko formatuan- eskainiko ditu Bilboko Udalaren eta Berdintasuneko sare sozialetan astero, abendura bitartean, pertsona ezagunen bidez. Protagonistak kirol, gizarte eta arte arloko Bilboko bost pertsona ezagun izango dira: Ainhoa Tirapu, Beatriz Sever, Gemma Martínez, Irantzu Varela eta la Otxoa. Hauek aurkezle xelebre biren joko eta dinamiketan parte hartuko dute. Hain zuzen ere, umorearen bidez baina kritika sozialari eta salaketari uko egin gabe, emakume eta gizonen berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte gonbidatuekin, hala nola, indarkeria matxistaren prebentzioa, ados egotea harremanetan, ekitatea lan-eremuan eta publizitate sexista.

SEXU-ERASOEI AURREA HARTZEKO ETA SENTSIBILIZATZEKO PROGRAMA

Berdintasun Sailaren helburuen eta konpromisoen artean dago Bilboko herritarrak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzea eta prebenitzea; eraso sexistak indarkeria matxistaren adierazpen bat dira.

Covid-19 pandemiak eragindako osasun-larrialdiaren testuinguru berrira egokitzeko, ekimen hori sare sozialetara eraman da. Eraso Sexistak Sentsibilizatzeko eta Prebenitzeko Udal Programaren barruan dago. Aurreko urteetan antzeko sentsibilizazio-ekimenak egin dira auzoetan, umorea eta ironia oinarri hartuta, esterako: "Jaietan berdin - En fiestas, igual" eta "Tonbola 0.0 - 0 Eraso 0 Desparekotasun", betiere prebentzioa hurbileko espazioetan zabaltzeko eta genero-indarkeriaren prebentzioan ahalik eta pertsona gehien inplikatzeko.