Nork ez du inoiz Mari Jaiaren abestia dantzatu? Eta bost metroko luzera duen nasapunta koipetsuaren gainean ibiltzen saiatu? Nor ez da egon bertso-kalejira eta herri bazkarietan? Eta nork ez ditu inoiz ikusi Bilboko konpartsek eraikitako txosna erraldoiak? Zein desberdina den Bilboko Areatza abuztuan €

Garai batean, bestalde, hiria hustu egiten zen udako opor denboraldian, beti ez baita Aste Nagusirik egon. Lehenik eta behin, beharrezkoa zen konpartsak sortzea.

Horretarako, 1977-78an dei egin zitzaien herritarrei, auzoz auzo batzordeak sortzeko. Lagun kuadrillek, elkarteek edota gizarte sektoreek gogo biziz erantzun zuten, eta konpartsetan antolatzen hasi ziren. Gutxieneko baldintza batzuk eskatzen zitzaizkien: fanfarrea propioa izatea, jantzi berdinak eramatea eta gutxienez berrogeita hamar lagun izatea. Era berean, bakoitzak bere txosna eraiki beharko zuen jaietan, hau da, barra bat izango zuen gune bat, bertan edariak eta janariak zerbitzatu eta musika jartzeko.

1978ko abuztu hasieran uste zuten ez zirela zortzi baino gehiago izango, baina azkenean hogeita lau sortzea lortu zuten, guztira 1.600 pertsona inguru. Gauzak horrela, hasiera eman zieten hiriko jai nagusiei.SORRERA

Bilboko lehenengo Aste Nagusia 1978ko abuztuan ospatu zen, uda bete-betean. Horren aurretik ere baziren antzerkiak, zezenketak, barrakak eta hainbat erakusketa hirian. Aurreneko Aste Nagusi horrek, bestalde, herritarren partaidetza kokatu zuen erdigunean. Izan ere, sortu berriak ziren konpartsetako kideek osatutako lehen Jai Batzordeari esker jaio zen Aste Nagusia.

Ondorengoak dira lehenengo urte horretan parte hartu zuten konpartsak: Abusu (La Peña auzoa), Araba Etxea, Ardoa Barrura (Indautxu auzoa), Arrainak (PCE-EPK), Atxuritarrak (Atxuri auzoa), Bizizaleak (mugimendu ekologista), Ganorabako, Kezkalariak (Errekalde auzoa), La Cubiertina Precoz (Errekalde auzoa), Mahats-Herri (Begoña auzoa), Hontzak (CNT), Pinpilinpauxa (EHGAM eta COPEL), Pirikiturris (Zabalburu auzoa), Rekalde (Errekalde auzoa), Samasiku (Santutxu auzoa), San Francisco (San Frantzisko auzoa), Satorrak (LCR-LKI), Tomate Egileak (Deustu auzoa), Tintigorri (Arangoiti auzoa), Tximboak (Zazpikaleak auzoa), Txintxarri (Bolueta eta Otxarkoaga auzoak), Txomin Barullo (MC-EMK), Uribarri Gure Sule (Uribarri auzoa) eta Yeiki (Gurutzetako auzoa).

Urte berean sortu zuen Mari Puri Herrerok Aste Nagusiko irudi eta ikur nagusia den Mari Jaia, Jai Batzordeak hala eskatuta. Lehenengo ediziorako onartutako aurrekontua zortzi milioi pezeta eta erdikoa izan zen, eta jai-esparrua Areatza pasealekura eta Zazpikaleetara mugatu zuten.

Hala, 1978ko abuztuaren 19an, Maria Jesus Agirregoitia txupinerak (Uribarri konpartsako kidea) txupina bota zuen Begoñatik, hasiera emanez Bilboko Aste Nagusiari.

Ordutik, urtero-urtero ospatu da, Andra Mari egunaren (abuztuak 15) hurrengo larunbatean, eta bederatzi egun irauten du. Jaietako Batzorde Mistoak izendatzen ditu pregoilaria eta txupinera. Lehenengoak pregoia irakurriko du, eta bigarrenak, konpartsetako kidea izaten dena, txupina botako du Arriaga Antzokiko balkoitik. Horrela ematen zaie hasiera Bilboko jai ospetsuei.ASTE NAGUSIA URTEETAN ZEHAR

Lehenengo urteetan, bereziki nabarmentzekoak izan ziren konpartsek Begoñatik egiten zuten jaitsiera, sokamuturra eta zezenketak, horiek markatu baitzituzten lehenengo Aste Nagusiak. Musikari dagokionez, kontzertuak eta bertsolariak egoten ziren. Horrez gain, estropadak, eskupilota txapelketak eta herri kirolak ere egiten zituzten.

1981ean, Bilboko lehen Piroteknia Lehiaketa egin zen, geroago nazioarteko kategoria eskuratuko zuena. Eta 1997an, hara, hara, hara, horren ospetsua bihurtu den abestia sortu zuen Kepa Junkerak, Edorta Jimenez idazlearekin hitzekin. Zeinek ez du inoiz kantatu?

Urteotan, gero eta jarduera gehiago antolatu dituzte jaietan. Aipatzekoak dira, besteak beste, patata-tortilla txapelketa, txipiroi txapelketa edota marmitako lehiaketa. Horrez gain, mus eta xake txapelketak ere egiten dira, eta Bilbo Kantari bezalako ekitaldiak.

Gaur egun, hogeita hamar konpartsa inguru daude, 2002an sortutako Bilboko Konpartsen Federakundeak koordinatzen dituenak. Aipatzekoa da hasierako Txomin Barullo, Arrainak, Bizizaleak, Hontzak, Pinpilinpauxa, Satorrak eta Uribarri bizirik dirautela oraindik. Herritar horiek dira, Bilboko Udalarekin batera, urtero jaietako egitaraua osatzeaz arduratzen direnak. Azken urteetan, bereziki nabarmendu dira gastronomia txapelketak, konpartsen arteko lehiaketak, nasapunta, hiri-krosa, eta umeentzako hainbat eta hainbat jarduera eta ekitaldi, urtero Bilboko eta kanpoko milaka pertsona erakartzen dituztenak.

2020 berezi honetan, ezin izan dute Aste Nagusirik ospatu. Hasiera batean, Aste Nahasia antolatzeko asmoa agertu zuten konpartsek, jaien ordezkapen modura. 51 ekimen ludiko eta kultural biltzen zituen plangintza horrek. Osasun-egoera dela eta, bestalde, hori ere bertan behera uztea erabaki zuten.

Hortaz, aurtengo abuztuan, agian, iraganeko itxura hartu du Bilboko Areatzak. Lasai egon, katuak eurak be jaietan izango dira datorren urtean, indar eta gogo handiagoekin.